Euskal Dendak bisitarien erregistro historiko guztiak gainditu ditu. Orain arte 35.000 bisitaritan zegoen langa eta aurten 41.164 izan ditu. “Aurten jendetza izugarria bildu da. Zifra hori lortzea errealitate bihurtutako ametsa izan da guretzat", adierazi du Veronica Garciak, Arbaso elkarteko idazkariak. Gainera, salmentek "arrakasta handia" izan dutela nabarmendu du eta bisitari gehienek zer edo zer eraman dutela etxera.
Datuak egunez egun aztertuta, eguaztenean, inaugurazio egunean, 10.430 pertsona igaro ziren Merkatu Plazatik; ostegunean, laneguna izanda, 7.702 lagun; ostiralean 10.687 lagun; larunbatean 7.627 lagun eta igandean 4.718 pertsona. “506 laguneko edukiera bete dugu une oro. Etengabeko tanta-jarioa izan da, baina uste dugu ikusleek artisauen topaketaz gozatu dutela. Bestalde, pozik gaude, erreleboa dagoela ikusten dugulako; izan ere, aurten artisau berri oso gazte asko izan dira, baita ikusleen artean ere".
Euskal Dendak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik etorritako 54 artisau hartu ditu aurten. Aurreko edizioetan baino lau profesional gehiago, eta 15 enpresa berri batu dira, hau da, azokaren % 30eko berrikuntza izan da.