Durangoko Azoka "arrakastatsuak" itxi ditu ateak: "Jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza eta parte-hartzailea izan da"

Anboto 2023ko abe. 10a, 18:49

Durangoko Azokako lan-taldea. (Argazkia: Durangoko Azoka)

Azoka "gaztea" izan dela eta kulturazale gazteek deialdiari "erantzun ona" eman diotela nabarmendu dute antolatzaileek.

Durangoko Azokaren 58. aldiak eman du berea eta Gerediaga elkarteko antolatzaileak "pozik" daude izan duen harreragaz eta "arrakastatsua" izan dela diote. "Jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza eta parte-hartzailea izan da. Pozik gaude emaitza orokorrarekin. Baita asebeteta ere, postua jartzera etorri diren partaideen balantzea positiboa izan delako. Salmentak onak izan dira".

Gazteen parte-hartzea nabarmendu dute. "Aurreikusi bezala, azoka gaztea izan da. Izan ere, deialdiari erantzun ona eman diote kulturazale gazteek, eta Durangoko Azokara batu dira. Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean. Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa".

Landako Guneak ateak 18:00etan itxi dituen arren, gogoratu behar da Ahotseneako eta Irudieneako egitarauak aurrera jarraitzen duela 22:00 arte. Ahotseneako zuzenekoak LOTURA HONETAN jarraitu daitezke. 

Azokako guneei buruz honako balorazioa egin dute:

Talaia: "Aniztasuna izan da nabarmentzekoa. Oso gai ezberdinak izan dira hizpide aurkeztu diren argitalpenetan eta hausnarketarako ideia mamitsuak ere entzun dira, aurkezpen eta mahainguruetan. Landakogunean zein Durangoko Museoan Talaiaren aterkipean egin diren ekitaldiek publiko aldetik erantzun ona izan dute. Nabarmentzekoa izan da, aldez aurretik zer aurkezpen dagoen jakinda, plana eginda gerturatu direla asko. Joera hori azken urteetan gorantza doa".

Ahotsenea: "Liburu aurkezpenetan, Karmele Jaio eta Jon Maia bezalako sortzaile esperientziadunen aurkezpenek jende ugari batu dute, baina baita hasiberriek ere, Julen Apellarenak, kasurako. Musika zuzenekoei dagokienez, goraino bete da askotan, esaterako, Toc, Nakar, Txopet, Leihotikan eta Ibil Bedirekin".

Irudienea: "Espazio goxo eta gertukoa izan da egun hauetan zehar zinemako gunea, non sortzaileek bisitaria emozionatzea, barrez lehertzea, entretenitzea edota kantuan jartzea lortu duten.  Zaleen adinari dagokionez, anitza izan da Irudieneara gerturatu den ikuslegoa, ume txikietatik hasi eta bisitari helduenenganaino. Laburmetraiak eta familientzako filmak izan dira arrakastatsuenak".

Kabia: "Gizartean eta euskaran eragiteko duten ahalmenagatik, digitalizazioaren teknologiek interes berezia piztu dute aurten. Harrera ona izan dute, adibidez, nerabeei lehen mugikorra emateko gidaren aurkezpenak eta adimen artifizialari buruzko mahainguruak. Gamer Gelatik ere herritar ugari pasa da jolastera".

Saguganbara: "Hainbat ikuskizun izan dira arrakastatsuak. Iñigito Txapelpunk eta iratxoen ikuskizunak, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Pantxo zezena, Ameli ipuin kontalaria, Potx eta Lotx pailazoak… Berezia izaten da Saguganbarak sortzen duena haur eta familiengan; ilusioa, giro ona, fantasia azken batean". 

Szenatokia: "Oso giro polita egon da, eta hainbatetan bete egin da aretoa. Aipagarria da aurkezpen zehatzen bila joan dela jendea, guneak erreferentzia hartu duen seinale. Obrek arrakasta izan dute eta sortzaileak ere gustura geratu dira. Iazko Sormen Bekaren emaitzak, Eukalyptus lanak, arrakastarekin hasi du bere bidea Szenatokian".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!