GOR diskoetxeak Durangoko Azokaren omenaldia jaso du

Anboto 2023ko abe. 8a, 13:37

Atzoko omenaldiko irudia (Argazkiak: Ainhoa Iraola)

32 urteko ibilbidean sekula ez du hutsik egin Durangoko Azokara.

GOR diskoetxeak ateak itxi ditu aurten Patxi Goñik, azken bazkideak, jubilazioa hartu ostean. Orain 32 urte sortu zenetik hona, Iruñeako diskoetxe mitikoa beti etorri da Durangoko plazara eta hartueman estua izan du Azokarekin. Horregatik, antolatzaileek ekimen berezi bat egin zuten atzo GOR diskoetxea omentzeko. Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikaren eskutik oroigarri bat jaso zuten Goñi anaiek. "Durangoko Azokan Gorren falta igarriko dugu aurrerantzean. Iraganak egin gaitu gu, eta etorkizuna dugu egiteko. Ikusten duzuen bezala, musikaren plaza hau bizi-bizi dago, fresko, gazte, eta lanean jarraituko dugu, Gorrek eta beste hainbat disketxek urte askoan emandako uzta ez dadin inoiz agor", adierazi zuten Gerediagako kideek.

90eko hamarkadaren hasieratik, Durangoko Azokako erakusmahai tipikoetako bat izan da GOR-ena. Bertan ezagutu dira euskal talde gazte pila bat. Estiloen aniztasuna ere jaso dute, euskal musikagintzaren esparrua zabaltzeko ahalegin berezia egin baitu. Urteotan 100 talde baino gehiagoren bozgorailu izan da diskoetxe nafarra, guztira 280 bat lan argitaratuta. "Datu horien atzean amets handi bat dago, eta baita makina bat lan gogor".

Leihotikan taldeak ere omenaldian parte hartu zuen akustikoan abesti bat kantatuz. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!