Atzo emakume batek jasandako jazarpenaren aurrean, Durangoko Azokak "babesa eta elkartasun osoa" azaldu gura dizkio emakumeari, baita haren ingurukoei ere. "Beharrezko baliabideak emakumearen eskura jartzeko prest gaude. Durangoko Azokatik argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen, ez kulturaren plaza honetan ez inon. Ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat. Aurrera begira, Durangoko Azoka espazio segurua izateko lanean jarraituko dugu", adierazi dute ohar batean.
Udalak ere gertaera gaitzetsi du. Informatu du udaltzaingoari eta Ertzaintzari kontsulta egin dietela eta ez dagoela jasota ildo horretako salaketarik. “Emakumeren bati eraso egin bazaio, dagokion salaketa jartzera animatzen dugu. Udalak informazioa jasotzen jarraituko du, eskura dituen baliabideak koordinatu eta bere esku dagoen guztia eskaini ahal izateko. Nolanahi ere, edozein motatako eraso matxistaren aurkako gaitzespena berresten dugu”.