“Gazteen kuriositatea piztu gura dugu, zer gertatu zen galde diezaieten nagusiagoak direnei”

Anboto 2023ko abe. 8a, 12:00

Raquel Calvo eta Zuriñe Lopez de Sabando.

Huts laborategiko kide biek, Raquel Calvo durangarrak eta Zuriñe Lopez de Sabando gasteiztarrak, Durangas dokumentala josi dute, Durangoko emakumeen bizipenetatik tiraka. Herriko emakumeen memoria bizia jaso eta isilean egoniko bizipen horiek argitara atera dituzte. Estreinaldia abenduaren 10ean izango da, 11:00etan, Zugaza zineman.

Martxoan aurrestreinaldia egin zenuten Zugazan. Oraingo hau zertan izango da desberdina?
Filma Zugazan aurkeztu genuenean, guztiz amaitu barik zegoen. Martxoaren 8ko aldarrikapenen testuinguruan aurkeztu genuen, ikus-entzunezkoan parte hartu zutenen aurrean. Oso harrera ona izan zuen. Aretoa bete egin zen eta gogoan dut jendeari berba egiteko gogoa piztu zitzaiola proiekzioaren ondorengo luntxean. Askori euren bizipenak, memoriak eta kontatzeko gogoa piztu zitzaien. Orain dela gutxi amaitu dugu dokumentala eta Azokan aurkeztuko duguna estreinaldia izango da. Behin betiko dokumentala.

Zelakoa izan da sortze prozesua?
Proiektuaren helburua ez zen dokumental bat egitea, bere horretan. Gehiago zen dokumentazio lan bat egitea, Durangoko emakumeen memoria jasotzea. Eta horrek oso abiapuntu zabala zeukan. Tailer batzuk egin genituen Andragunean. Gauzak irteten hasi ziren, eta hortik dokumental bat egin genezakeela ikusi genuenean, “egin egingo dugu”, esan genuen. Muntaketa prozesuan geundela topatu eta egonkortu genuen dokumentalaren haria. 

Zenbat emakume elkarrizketatu duzue?
Filmean hamar bat emakumeren testigantzak jaso dira. Andraguneko tailerretan parte hartu zutenak 10-15 izango ziren. Modu batera edo bestera, 50 bat emakumek parte hartu dute.  

Durangoko emakumeen errealitateak badu berezitasunik edo desberdintasunik gainerako errealitateen aldean?
Esango nuke badaudela gauza orokor batzuk, leku guztietan antzerakoak izan daitezkeenak. Baina bizipen bakoitzak bere berezitasuna du. Adibidez, dokumentalean guk geuk ezagutu ere egiten ez genituen istorio bi jaso ditugu. Harrituta geratu ginen. Gogoan dut amari eta familiako kideei ere galdetu niela gaiari buruz, eta bai, gogoan zuten. Elkarrizketatuetariko batek dioen moduan, isilduriko istorio asko dago Durangon. Gauza askori buruz ez da berbarik egiten. Istorio gogorrak kontatzerakoan, argi ikusi dugu gauza batzuk isilean geratzen direla.

Durangas ikustera doanak zer ikusi eta ikasiko du?
Aurrestreinaldiak adin bateko emakume askori barrukoak kontatzeko gogoa piztu zien moduan, Durangas ikusita gazteagoak diren belaunaldiek euren etxekoei, adinez nagusiagoak direnei, galdetzeko gogoa piztea gura genuke. Dokumentalak kuriositate hori pizten lagundu dezakeelakoan nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!