“Diskoan dena eman dugu, biluztu egin gara jendaurrean”

Aitziber Basauri 2023ko abe. 7a, 10:10

Ithaka. (Iker Gozategi)

Orioko eta Zarautzeko lau gaztek osatzen dute Ithaka: Leire Olariagak (ahotsa eta teklatua), Arantza Igartuak (gitarra eta ahotsak), Josune Freirek (bateria, saxofoia eta ahotsak) eta Eneko Eizagirrek (baxua). 2021ean sorturiko taldearen Biluzten lehenengo diskoa Bilboko ETEN Espazio Sonoroan grabatu dute, Urtzi Izagaz. Eizagirrek erantzun die ANBOTOren galderei.

Zelan definituko zenuke diskoa?
Ia jakin gabe hasi ginen taldeagaz. Lau lagun elkartzen hasi ginen, pixkanaka entseatzen, abestiak sortzen, kontzertuak ematen… Eta heldu zen momentu bat non geure burua zerbait solidoa bilatzen ikusten genuela; sentitzen genuena husteko bide bat bilatzen genuen. Horixe litzateke Biluzten.  18-19 urteko gazteon bizipenak, geureak, islatzen dira Leirek sorturiko letretan. Musikalki ere bai, beste denok ere hustu egin garelako. Sentsazio hori dut. Dena eman dugu, biluztu egin gara jendaurrean.

Abestien letrek gazteen bizipenak islatzen dituzte, beraz.
Diskoan zehar eklektikoak izatea gustatzen zaigu, esanahiak iradokitzea, eta, jendeak abestiak entzunda, norberak gura duena interpretatzea. Dena den, gazte bezala heldu izate horretarako bizitako trantsizio etapa kontatzen du Leirek letretan. Baina ez dut spoiler-ik egin nahi. Nahiago dugu bakoitzak nahi duena interpretatzea letrekin, horretarako daude eginda.

Etapa berri bati ekin diozuela esango zenukete? Orain arteko abestiekin desberdintasun handiak daude.
Bai. Soinuari eta musikari dagokienez, eta konposatzerako orduan eramandako ideiari dagokionez ere bai. Esan bezala, jakin gabe hasi ginen, korronteak eramanda bezala, kantak sortuz. Baina Biluzten diskoa konposatzerakoan argi genuen egitura bat, landutako ideia, eta estetika bat. Batez ere, horretan dago aldaketa, gure jarreran. Orain arteko abestiak alaiagoak izan dira, neurri batean infantilak ere bai. Oraingo honetan guztiz aldatu da gure estiloa, eta gogotsu gaude ikusteko jendeak nola hartzen duen gure fazeta berri hau. Oso harro gaude egin dugun lanarekin.

Zelako prozesua izan da?
Esan bezala, bagenuen gogoa gelditu, konposatu eta ideiak ondo antolatzeko. Eta urte osoan zehar jardun dugu horretan. Arantza gitarrista Madrilen bizi da eta berarekin geratzeko zailago geneukan. Baina denok lokalean egonda, laurok sortutako lana izatea nahi genuen. Beraz, Gabonetan, asteburuetan eta udan aritu gara ideia guztiei forma ematen eta diskoa borobiltzen. Letrak eta melodiak bukaerarako utzi genituen, lanari forma berezia eman nahi geniolako, diskoak bere osotasunean zentzu bat izan zezan. Orain arteko abestietan estilo desberdinak nabari ziren, eta ez genuen hori nahi. Zerbait solidoagoa bilatzen genuen, zentzuduna. Bada, pentsatu genuen laurok batera konposatzea zela onena. Oso pozik gaude azken emaitzarekin eta sormen prozesu osoarekin.

Durangoko Azokaren aterpean joko duzue. Kontzertu berezia izango da?
Garbi dugu plaza berezia eta oso exijentea izango dela. Denak egongo dira Durangon. Guk miresten ditugun talde asko Azokan egongo dira, eta badakigu kontzertu exijentea izango dela, baina, aldi berean, horrek motibatu egiten gaitu.

Iaz Gaztea Maketa Lehiaketako publikoaren saria irabazi zenuten, eta hainbat kontzertu eman duzue.
Ez gaude kexatzeko, ez! Hauxe da bilatzen genuena: gure musika egitea eta, batez, ere, zuzenekoetan jotzea, jendaurrean. Mugitzea, bidaiatzea... eta eskatutakoa iritsi zaigu, apur bat bilatu gabe. Esango nuke 2023an 25 kontzertutik gora eman ditugula, eta 19 urteko lau gazterentzat hori itzela da. Guretzat katapulta erraldoi bat izan zen, bai ikusgarritasunaren aldetik, bai alde ekonomikoaren aldetik.

Zelan sortu zen taldea?
Nik beste talde batean jotzen nuen; eta Josunek, adibidez, ez zekien bateria jotzen. Baina bagenuen ideia bat amankomunean, bagenuen gogoa elkartu eta zerbait egiteko. Eta halaxe hasi ginen. Hiru gelakideak ginen, ekonomia klasean, eta, gero, gurekin gitarra jotzeko esan genion Arantzari. Orioko Udalak lokal bat utzi zigun eta hori inflexio puntu bat izan zela esango nuke: bagenuen non elkartu, non sortu… Pixka bat nahi gabe sortu zen.

Zeintzuk dira zuen influentziak?
Belako da gure influentziarik handiena, eurek ere badakite hori. Dena den, disko honek badu munduko beste hainbat talderen post-punk eta post-rock kutxua. Besteak beste, Joy Division asko gustatzen zaigu, The News, Royal Blood…. Baina bakoitzak bere gustuak ditu, horrek aberastu egiten gaitu.

Zeintzuk dira zuen hurrengo saioak?
VillaSoundBilbao jaialdia irabazi ondoren, lau kontzertu ditugu Espainian. Karrerako 2. urtean eta, bat-batean, Toledon, Zaragozan eta Kordoban joko dugu, pentsa! Donostiako DOKAn eta Gernikako Astran ere joko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!