Bizitzako helduleku guztiak jausita edo jaustear dituen emakume baten kontakizuna osatu duzu. Istorioak badu drama, baina oso errealista egiten da.
Bai. Hori islatzen ahalegindu naiz. Nobela beltzean, protagonista beti dago estu eta larri. Protagonista eroso eta pozik badago, ez dago nobelarik, oraindino gutxiago nobela beltzik. Maiderren kasuan, txiki-txikitatik bizi izan ditu estuasunak. Pobrezian hazitakoa da, aitarik barik. Egoerara ohituta dago, baina halabeharrez.
Nobela beltza da, baina hemen ez dago poliziarik edo detektiberik. Egunerokotasunean ohikoak diren elementuekin osatu duzu misterio giroa.
Generozko nobela beltza, beldurrezkoa, oso bide estua dela iruditzen zait. Beti idazten dut nobela beltzaren eta nobela sozialaren arteko muga horretatik. Hau da, niretzat hiltzailea nor den argitu behar horrek ez du interesik. Niretzat istorio bat kontatzeko aitzakia da girotze hori, pertsonaia batzuk deskribatzeko, egoera batzuk deskribatzeko.
Maiderren bitartez ikusten dugu pertsona bat indarkeria mota askok inguratuta egon daitekeela. Indarkeria sexista, eskola jazarpena, desagertzeak,... pertsonaiaren inguruan etengabe agertzen dira.
Maiderrek txikitatik bizi izan ditu horrelako egoerak. Liburuko momentu batean, protagonistak honako hau dio: "Zergatik dira gauza guztiak hain zailak?". Berarentzat egoera arrunta da gauzak zailak izatea. Bereganatuta duen zerbait da eta horren guztiaren ondorioz jokatzen du jokatzen duen eran.
Nobelan zehar behin baino gehiagotan igartzen da gizartea interpelatzeko asmoa.
Bai, nobela beltzak beti du kritika soziala. XX. mendean Raymond Chandler, Dashiell Hammett eta halako idazle ezkertiarrak etorri ziren arte, nobela beltza poliziari loturikoa zen, hiltzailea nor zen argitzeari buruzkoa. Idazle horiekin, baina, kontzientzia soziala etorri zen. Delitua nork egin zuen baino gehiago, zergaitik egin zen kontatzen zuten. Nobela beltzak hori du, gizartearen azterketa edo kritika. Eta neu ere horretan ahalegintzen naiz. Niretzat horixe da nobela beltzaren zatirik erakargarriena. Beltzaren eta sozialaren arteko muga horretan kontatzen dut kontakizun hau, eta beste asko.
Zelan sentitzen zara ingurura begiratu, larriak diren gaiak identifikatu eta horiek kontatzerakoan? Zelan eragiten dio horrek idazleari?
Ingurura begiratzean mila istorio ikusten dut, zoritxarrez, gizartea ez delako batere perfektua, ezta antzekoa ere. Baina ez nuke esango kritika berezirik egiten dudanik. Txarto dagoena azalduko da, modu batera edo bestera.
Maiderrek aitortza baten eran kontatzen du dena. Lehenengo pertsonan.
Maiderrek erabaki batzuk hartu ditu eta badu horiek azaltzeko beharrizana, hain zuzen ere ondorio negargarriak dituelako. Hau egin dut, honegaitik eta honegaitik, eta beste aukera guztiak ez ziren askoz hobeak. Aitorpen moduko bat da, bere burua zuritzeko balio diotenak. Lehenengo pertsonan kontatzea mugatuagoa da, baina enpatia gehiago sortzen du irakurlearengan.
Baduzu aurrera begirako asmorik?
Bai, baina ezin da liburu bat baino gehiago kaleratu urtean; bestela, zeure buruari egiten diozu konpetentzia. Azken hamar urteotan hamar bat liburu kaleratu ditut. Ez da segurua, baina baliteke datorren urtean ere beste liburu bat argitaratzea. Liburu laburrak idazten ditut, baina emankorra naizela esan daiteke.