Obra hau posible izango litzateke Sormen Beka barik?
Ez dakit. Beste hiru-lau deialditara aurkeztuko nintzela uste dut. Hori bai, Durangoko Azokako bekari eskerrak, gero Udalbiltzakoa lortu dut, eta Ipar Euskal Herrian beste bat ere lortu dut. Azken bi horiek ez dakit posible izango ziren Durangokoa barik. Proiektuak Durangoko Azokako zigilua izatea ate handi bat da, beste ate asko zabaltzen duena. Oihartzun handia ematen dizu.
Zergaitik eukaliptoei buruzko lana?
Bizkaian eta Bermeo inguruan eukaliptoa oso presente dugu. Dibertsitate ezak eta monolaborantzak eragiten duen ahultasuna deskubritu nuen unean, buruari bueltak ematen hasi nintzen eta horregaz zeozer egin zitekeela pentsatu nuen.
Antzezlanak zeintzuk gai lantzen ditu?
Orokorrean, eukaliptoak hemen izan duen ibilbidea errepasatzen dugu eta gai desberdinak ukitzen ditugu. Hasieran, exotiko izateari buruz berba egiten dugu: zer den exotikoa izatea eta zer ez. Gero, gaian sakontzen dugu. Eukaliptoak eginiko ibilbide fiktizio bat erakusten dugu: zelan ekarri zuten Australiatik hona, zelan hedatu eta finkatu zen hemen. Gero, zati historiko bat dago. Ez dut esango antzerki-dokumental bat denik, baina bai nahiko dokumentatuta dagoen antzerkia dela. Gaur duguna ulertzeko historikoki gakoak diren uneak daude. Esaterako, karlistadetan zelan saltzen ziren lur komunalak lur pribatu bihurtzeko. Lehenengo, pinuaren fasea hasi zen, eta gerora eukaliptoa etorri da. Eukaliptoa sartzea frankismoaren propaganda izan zen. Errentagarriak ez ziren lurrak errentagarri bihurtzeko modu bat zen. Antzezlanak aurrera egin ahala, gaur egungo ustiapenean eta baso ereduan sakontzen dugu. Eta antzezlaneko une batean, gaur egungo kontsumoa ere aztertzen dugu. Zelulosa ikaragarri kontsumitzen da.
Zelan erakusten dituzue gai horiek eszenatokian?
Pertsonaia nagusi bi daude. Eszenetan guk erakusten dugunaren eta lurraren kudeaketaren arteko paralelismo bat sortzen ahalegintzen gara. Adibide zehatz bat ipintzeko, antzezlanean ni proiektuko ugazaba naiz eta Beñat Urrutiari deitzen diot niretzat lan egin dezan. Ustiatu egiten dut nik etekin bat lortzeko, eukaliptoagaz egin izan dugun antzera; lan hartu-emana dugu beragaz. Eukaliptoa beste lurralde eta testuinguru batetik ekarri genuen, etekina lortzeko arrazoi bakarragaz. Antzezlana hartu-eman toxiko baten inguruko istorioa da.
Antzezlanak mezu bat utzi gura du ala helburua gehiago da elementu desberdinak plazaratuta gogoeta sortzea?
Posizionamendu bat dago, ez gara toki neutro batean geratzen, baina gaiak ertz konplexuak ditu eta eurak bistaratzen ahalegintzen gara. Pertsonaiak ez dira bat ona eta bestea txarra. Azkenean, gaian dokumentatzeko, arlo askotako jendeagaz batu gara. Kontraesanak plazaratzen ditugu. Esaterako, euskaldun kontzientziatuak zelan gero berdin-berdin kontsumitzen duen. Edo eztabaidarako elementuak sartzen ahalegintzen gara. Esaterako, eukaliptoaren monolaborantzaren ordez bertoko basoak behar ditugu benetan? Izan ere, geroago eta belar gutxiago dugu. Beharbada belar eremuak gehitu beharko genituzke. Hau da, XIII. mendetik aurrera Euskal Herrian azalera basotu gutxi izan dugu. Beharbada sarritan idealizaziorako joera dugu. Antzerki hau eztabaidaren hasiera izatea gura genuke, ez horrenbeste amaiera. Goazen denok ditugun ardurak mahai gainean ipintzera eta eztabaidatu dezagun.
Formatuari dagokionez, antzerkia eta dantza darabiltzazue.
Bai, Beñat dantzaria da. Baina dantza ez da koreografia lez ulertu behar, gorputzaren mugimendu lez baino. Gorputzak erabilera desberdinak ditu eta mugimendua asko erabiltzen du, baina diodan zentzuan. Une batean sustrai bihurtzen da, beste batean bulldozer… Ez nuke esango antzezlana antzerkia eta dantza denik, bien artean dagoen zeozer baino.
Durangoko Azokako aurrestreinaldian emanaldi bikoitza izango duzu abenduaren 8an. Urduri zaude?
Bai. Azken batean, sortzaileak lanaren erdia egiten du. Beste erdia publikoak. Obra ez dago konpleto publikoagaz zelan funtzionatzen duen ikusi arte. Apur bat urduri nago, baina baita gogotsu ere. Gauza batzuetan asmatuko genuen, beste batzuetan beharbada gutxiago… Aurrestreinaldiaren ondoren, moldaketak egon daitezke. Estreinaldia Aulestian da, urtarrilaren 19an. Hortik aurrera, 17 bat saio ditut lotuta, Udalbiltzari eskerrak.