Zelakoa izan da Ane Negueruelaren itzulera? Sasoi bateko kimikak hor jarraitzen du?
Esango nuke Ane Negueruela inoiz ere ez dela joan erabat. Lagunak gara betidanik. Nahiz eta ez zegoen taldean abesten, ikasketak zirela-eta kanpora joan zelako, beti geratu izan gara beste plan batzuk egiteko. Hartu-emana mantendu dugu. Talderako itzulera beretzat guretzat baino traumatikoagoa izan dela uste dut. Berak taldea utzi zuenean, beste maila batean geunden edo gauzak beste modu batera egiten genituen. Berak dio orain askoz ere serioagoak garela, hainbat alderditan. Lan egiterakoan, taldea asko profesionalizatu dela komentatzen du. Gainerakoan, guretzat ilusioa berreskuratzeko prozesu bat bezalakoa izan da. Gogora ekarri digu zergatik sortu genuen taldea; musika egiteko lagun talde bat bezala elkartu ginen eta oroitzapen horiek ekarri dizkigu.
Aben Cirkel deitzen da disko berria. Danieratik euskarara itzulita: zirkulu irekia. Zer adierazi gura duzue izen horregaz?
Izena aukeratzea izan zen disko honetarako egin genuen lehenengo gauza. Argi genuen izena, lehenengo abestia idatzi aurretik ere. Aneren itzuleraren harira, ideia horri bueltak eman genizkion: gauzak ezin ditugula inoiz itxitzat eman, eta zirkuluko puntu batean edo beste batean egon, gauzak desberdin ikusten direla. Ideia horri tiraka hainbat abesti irten dira. Zazpi abestiek zirkulu horren puntu desberdinak islatzen dituzte.
Lan berriari buruz honako hau aipatu duzue: "Aldaketa dator. Prestatu belarriak leku berriak ezagutzeko". Zeintzuk dira toki berri horiek?
Lehenengo eta behin, gure baitan egindako aldaketa da aldaketarik nagusiena. Guk geuk lan egiteko orduan eman nahi genituen aldaketa horiek. Orain arte, abesti guztiak autoekoiztuak izan dira. Oraingo honetan, ekoizle desberdinekin lan egin dugu, lehenengo aldiz. Zehazki, lau ekoizlerekin aritu gara. Hor jada aldaketa handia dago, ez bakarrik emaitzan, baizik prozesuan bertan. Gero, noski, hainbat ekoizlerekin arituta, abestietan igarri egiten da. Soinu aldetik aldaketa handia dago aurreko bi diskoekin alderatuta, nahiz eta Nogenen esentzia nahiko detektagarria den oraindik. Zazpi abestietako edozein entzunda, esan daiteke: "Hor atzean Nogen dago". Hori polita dela uste dut, eta baloratzeko modukoa. Baina, era berean, abestiak oso desberdinak dira; ez aurreko diskoekin konparatuta bakarrik, baita disko honetan bertan eta euren artean ere. Aldaketarekin asmatu dugun? Jendeari gustatuko zaion? Ez dakit, diskoa entzuten duenak esan beharko du, baina guk behar genuen eta nahi genuen aldaketa da. Egindako lanarekin ehuneko ehunean gustura gaude eta hori gutxitan gertatzen da. Normalean, disko bat kaleratzean, badago zerbait beste modu batera esan nahi izango zenuena edo aldatu nahiko zenuena… Alde horretatik, sentsazio beteagoa geratu zaigu oraingoan.
Urte biko prozesua, ekoizle askogaz lan egitea, aldaketak… Diskoa kaleratu ondoren, sentitu duzue halako askatasun sentsaziorik?
Bai, erabat. Horrelaxe izan da. Lanik gehien egin dugun diskoa da eta bukaerarako luze egin da, daukagun guztia eman dugulako. Ez dakit 'nekatuta' den ondoen definitzen duen hitza; diskoa kaleratzeko grinatsu geundela esango nuke. Baina oso pozik eta harro gaude egindako lanarekin. Atera dugun diskoa egin genezakeen lanik onena da.
Oraingoz zein da jendearen aldetik jaso duzuen feedbacka?
Feedbacka oso ona da. Benetan harrituta eta oso esker oneko gaude. Horrelako aldaketa handiaren aurrean jendeak emandako babesak harritu egin gaitu. Diskoa atera eta lehenengo egunetik jaso ditut mezuak. Gainera, oso mezu desberdinak dira. Sare sozialetan galdetu dugunean ea zein den gehien gustatu zaien abestia, bakoitzak abesti bat aukeratzen zuen. Ez dago bat bestearen gainetik nabarmendu duten abesti bat. Hori esanguratsua iruditzen zait. Lan konpletoa dela esan digute eta horrek asko pozten gaitu.
Arlo pertsonalean, taldeko gitarrista legez, disko honetan eremu berriak deskubritzeko aukera izan duzu?
Konposaketa Markelen [Markel Idigoras, taldekidea] eta bion ardura izan da, eta abentura bat bezala bizi izan dugu. Abesti bakoitzak zortzi bizi izan ditu. Lehenengo proposamenetatik hasi, ekoizlearekin probak egitetik jarraitu eta azken emaitzaraino. Gainera, ekoizle bakoitzak bere estilo markatua du eta, hain zuzen ere, horregatik jo dugu eurengana. Adibide bat jarriko dizut. Disko honetarako sortu genuen lehenengo abestia Guztia Edo Ezer Ez izan zen eta denboran zehar makina bat egitura desberdin izan ditu; esandakoa, zortzi bizi. Abesti horren lehenengo proposamena folk estilokoa zen, gero momentu batean indie-rock estilora pasatu ginen, ondoren ere garatzen jarraitu du… Konposatzaile modura, abestiekin eta instrumentuekin betiko tratamendua izan dugu, baina gero, egia esan, amildegira erortzen utzi dugu geure burua nolabait esateko, ekoizle bakoitzak bere esparrura eraman zitzan abestiak. Disko berria erronka bat izan da guretzat, geure buruari jarritako erronka bat, musikari modura noraino hel gaitezkeen jakiteko.
Ahotsenean aurkeztuko duzue diskoa.
Bai. Aurretik beste birritan egon gara, eta beti oso ondo. Azkenekoz, 2018an. Abenduaren 6an egongo gara eta abesti batzuk zuzenean jotzeko aukera izango dugu.
Lanean barik bisitari legez ere egonda zaude Durangoko Azokan?
Bai, noski. Eta anekdota bat kontatuko dizut. 2005ean, edo buelta horretan, gurasoekin joan nintzen. Sasoi hartan, Keu Agirretxeak gitarra elektrikoa jotzen ikasteko lehenengo pausoen inguruko liburu-DVD bat atera zuen. Hori erosteko eskatu nien gurasoei. Ordura arte, gitarra klasikoa jotzen nuen eta nire fantasia gitarra elektrikoa jotzea zen. Badakizu, rock izar handiek bezala, eta urte hartan Olentzerok nire lehenengo gitarra elektrikoa ekarri zidan.
Durangoko Azokaren ondoren, zein da zuen plana? Bira bat hasiko duzue?
Udaberrian Espainiar estatutik bira bat egingo dugu. Hamar-hamabi bat kontzertu edo gehiago izango dira. Maiatz-ekain bueltatik urtea amaitu arte Euskal Herrian ibiliko gara. Udaran plazetan eta jaialdietan, eta udazkenean aretoetan.
Hiru abesti La M.O.D.A. taldeko gitarrista den Nacho Mur-ek ekoiztu ditu. Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. La M.O.D.A. taldeko kideekin dugun hartu-emana ez da berria. 2017an, lehenengo disko luzea prestatzen ari ginenean, La M.O.D.A.-rekin kolaborazio bat egiteko oso abesti egoki bat genuela iruditu zitzaigun. Proposamenarekin eurengana joan ginen, gure errespetu eta miresmen guztiarekin. Gustatu zitzaien eta horixe izan zen gure lehenengo hartu-emana. Gerora beti mantendu izan dugu elkarrekiko begikotasuna. Adibidez, 2022an Donostiako Aste Nagusian jo zutenean, guk anfitrioi lanak egin genituen. Gure soziedadean bazkaldu zuten. Egun horretan ezagutu genuen Nacho Mur, taldeko gitarrista. Ekoizle lanetan zebilela azaldu zigun, Valeria Castrorekin, Luis Fercan-ekin… Orduan bururatu zitzaigun lehenengoz berarengana jotzea gure diskoa ekoiztera. Asko gustatzen zaigu bere estiloa. Disko berriko hiru abesti egin ditugu berarekin: Glastonbury, Abendua eta Galdu Duenari'. Bere estiloan, abestiei zuku asko atera diela uste dugu. Profesional itzela da, eta pertsona modura are itzelagoa.