Zazpigarren lana bada ere, berritasuna da nagusi disko berrian. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Egia esan, oso pozik gaude emaitzarekin. Diskoa egiteko prozesuan ere izugarri disfrutatu dugu. Guretzat erronka handia izan da ekoizle berri batekin lan egitea, eta grabazioa guretzat berria den estudio batean egitea.
Izan ere, diskoko berritasun nagusia ekoizpen prozesua izan da. Izen handi bat aipatu behar da hor: Gorka Urbizu. Zelakoa izan da Gorka Urbizurekin egindako elkarlana?
Izugarrizko esperientzia izan da. Guk diskoa ekoizteko proposamena egin genion. Oso lanpetuta zebilen eta ez genuen uste baietza emango zigunik. Baina Gorkarekin daukagun hartu-emana aspaldikoa da. Beti izan da Leihotikan zalea, eta egundoko ilusioarekin hartu zuen gure lana ekoizteko proposamena. Bi hilabete egin ditugu lokalean berarekin abestiei itxura ematen. Izugarri disfrutatu eta ikasi dugu. Gorkak oso ongi ezagutzen du gure musika eta oso garbi zuen zer nahi zuen.
Diskoaren azalak kontrastea egiten du azken bietako zuri-beltzagaz. Kanta kopurua txikiagoa da, eta letretan argia eta itxaropena nabaritzen dira. Taldeak bizi duen testuinguru pertsonalaren ispilu da hori?
Baliteke, baina, azken finean, azala prozesu berri honen ispilu da. Ekoizle berria, estudio berria eta teknikari berria. Gorka Urbizu, Gaztain estudioak eta Eñaut Gaztañaga. Disenuaz pertsona berri bat arduratu da: Ander Xabier Tejada, Adrenalized taldekoa. Berri Txarraken azken lanen diseinuak ere berak egin ditu. Anderrek berak eraman gaitu estilo horretara. Oso pozik gaude.
Iruñeko Gor Diskak zigiluak agur esan du. Haregaz kaleratu dituzue zuen lan guztiak. Oraingoan, baina, zigilu berria sortu duzue: Txorimalo Records.
Disko hau Gorrekin ateratzea genuen buruan. Diskoetxearen azken argitalpena izatea gura genuen, baina ez da posible izan. Ondorioz, diskoetxe propio bat eratzea erabaki dugu. Egia esan, ez dugu diskoetxe modura hartzen, baizik eta lan bat editatzeko beharrezkoa den tresna modura. Azokan postua izango dugu, Leihotikan izenpean. Bertan gure material fisiko guztia izango dugu.
Musika egiten hasi zinetenetik hona, 30 urte baino gehiago igaro dira. Gutxi dira, zuen moduan, hasieratik hona taldekideen artean aldaketarik jasan ez duten taldeak.
Azkenean familia bat bihurtu gara. Beti zaindu eta errespetatu ditugu taldekideen gorabehera pertsonalak. Beti aritu gara denon onurarako jotzen. Beharbada horregatik ez genuen hainbeste disko edo kontzertu emango. Gure erritmoa izan dugu.
Zuen abestirik esanguratsuenetariko batek 'Punk rock talde soil bat' zaretela aldarrikatzen du. Euskal eszenan 'klasikoak' edo 'mitikoak' bihurtu zareten sentipenik baduzue?
Klasikoak? Mitikoak? Ez! Basajaun eta Olentzero bezala pertsonaia mitologiko bihurtu garela esango nuke (barrez). Argi duguna da zahartzen ari garela, eta, hasierako ilusioarekin bagabiltza ere, gazteak indartsu datoz eta euskarazko musika aniztasuna izugarria da estilo guztietan. Osasuntsua da.
Zuen zuzenekoak ezagutzen dituenak beti topatuko du umore ona, energia, lagunartea. Bira berrian zelakoak izango dira zuzenekoak?
Oraingoan, Euskal Herritik zabaldu nahi ditugu aurkezpen kontzertuak. Madrilera eta Bartzelonara ere joan nahi dugu. Orain, baina, zuzenekoak lantzen ibiliko gara. Hasieran, kontzertuak jo eta parranda egiten genuen emanaldia bukatuta. Gaur egun, oholtza gainean kontzertua jotzea bihurtu da parranda. Lehenengo diskoak harrera izugarria izan zuen. Euskadi Gaztea eta Management handiak gure atzetik zebiltzan, baina guk ez genituen gure abestiak zuzenean ongi jotzen. Orain dela urte batzuk buelta eman genion honi, eta geroz eta gusturago sentitzen gara kontzertu berri bakoitzaren ondoren.