“Azoka izugarrizko erakusleihoa da, eta bertako irudia egitea erantzukizun handia ”

Anboto 2023ko abe. 5a, 08:34

Ximon Agirre diseinatzaile hernaniarrak sorturiko Fantasia DA! kartelak iragarriko du aurtengo Durangoko Azoka. Fantasiaren ikuspegitik, Azokako euskarri guztiak jantzi ditu. Artista hernaniarrak arte ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, ondoren, Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Egun, Agirrek musika taldeentzat lan egiten du gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.

Zelan sortu zaizu Azokako kartela diseinatzeko aukera?
Gerediaga elkartetik deitu zidaten. Nire lana ikusi zutela esan zidaten, eta aurtengo leloa fantasia zela jakinda eta nire lanak fantastikoak, eta pixka bat frikiak, bada, nirekin gogoratu zirela. Baietz erantzun nuen segituan. Ilusio itzela egin zidan.

Zelan hartu zenuen proposamena? Zer suposatzen du zuretzat Azokako irudia zeurea izateak?
Asko poztu ninduen jakiteak nirekin gogoratu zirela lan hori egiteko. Azken batean, Durangoko Azoka izugarrizko erakusleihoa da. Baina, egia esan, aitortu behar dut apur bat larritu ere egin nintzela proposamena jaso nuenean. Azken batean, Azokako irudia egitea erantzukizun handia da. Baina, tira, aurretik ere egin izan ditut lanak Azokarako, eta horrek lasaitasun puntu bat eman zidan. Azokan aurkezturiko hainbat diskoren azalak egin ditut. Beraz, badut lehendik nolabaiteko lotura Durangoko Azokarekin. 

Zelakoa izan da sormen prozesua eta zelan planteatu zenuen? Itxarondako modukoa izan da?
Hasieratik argi nuen 3Dn egingo nuela lana. Azkenaldian banuen lanen bat 3Dn eginda, eta errealitate birtualean modelatuta probatu nahi nuen. Gainera, Azokakoei 3Dn egitearen ideia plazaratu, eta ondo iruditu zitzaien. Lehendabizi bozeto batzuk egin nituen eta erakutsi egin nizkien. Ea mundu baten tankerakoa sor nezakeen galdetu zidaten, eta hortik abiatuta azken bozetoari ekin nion. Ondoren, 3Dra pasatzen hasi nintzen, errealitate birtualean. Errealitate birtualean, espazio birtual batean zaude eta aginte batzuekin hor zoaz dena eraikitzen, modelatzen.

Lehenengo aldia zen teknika horrekin lan egiten nuela eta hasieran kostatu egin zitzaidan apur bat. Azken batean, programa ikasi behar nuen, eta gauzak probatu nola egiten ziren. Baina, azkenean, oso gustura geratu naiz. Honi esker teknika berri bat ikasi dut eta gustatu zait. Aurrerago ere teknika honekin jarraituko dut. 

Beraz, pozik geratu zara emaitzagaz. 
Bai, niretzat erronka bat izan da. Nire ideia apur bat ausarta zen, baina gogoa nuen hori egiteko, eta badirudi jendeari gustatu egin zaiola. Gainera, Azokakoak pozik geratu dira eta, beraz, ni ere gustura. 

Diseinu arloan, arte grafikoetan... lan egiten duzu. Momentu honetan, zertan zabiltza?
Batez ere, musika taldeekin lan egiten dut. Bideoklipak egin ditut, azkenaldian nahikotxo, eta, batez ere, diskoen azalak eta kartelak egin ditut. Egiten dudan lanik gehiena musikari lotuta dago. Ez dakit diseinatzailea, bideogilea edo zer naizen, baina denerik egitea gustatzen zait. Orain, esaterako, kontzertu baterako kartel bat egiten nabil, bideoklip bat ere hasita daukat, eta azal bat ere badut esku artean. 

Azoka iragartzen duen irudiaz gainera, zure beste lanik ere ikusiko dugu Azokan? 
Ba, kasualitatea da, baina aurten ez. Azken bi-hiru urteetan izan ditut lan batzuk azokan, baina aurten ez.

Amaitzeko, ikusiko zaitugu Durangotik abenduaren 6tik 10era bitartean?
Bai, noski. Ez dakit oraindik zein egunetan joango naizen, baina seguru joango naizela. Azoka bueltan giro polita sortzen da Durangon, eta gogotsu nago Azokatik buelta bat eman eta kontzertuak ikusteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!