“Fantasia itzela da 'Erro' eta 'MADA' egia bihurtu eta Durangoko Azokan parte hartzea”

Maialen Zuazubiskar 2023ko abe. 4a, 09:30

Janire Etxabe, Amaia Lejarreta eta Jon Mendizabal.

Amaia Lejarreta durangarrak bere lehenengo ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Durangoko Azokan: Erro. Abenduaren 7an izango da. Horren bezperan, Erro film laburretik jaio den MADA zuzeneko performancea aurkeztuko du Azokako inaugurazio ekitaldian. 

Aurtengo Azokako inaugurazio ekitaldian parte hartuko duzu. Zer rol jokatuko duzu bertan?
Azken urteetan, margoa eta body paint-a uztartzen ibili naiz. Aurtengo udaberrian, proposamen bat jaso nuen. Galdetu zidaten ea euskal emakume sortzaile izanda zelan ikusten nuen euskaldun izatea mundu honetan, eta ea nire ustez euskaldunok etorkizunik bat ote dugun. Hori azaleratzeko gonbita egin zidaten, eta onartu egin nuen. Txikitatik gauzak bideoklip eran ikusi izan ditut nire imajinarioan, eta aukera ikusi nuen nire koloreak eta koadroak mugimenduan ikusteko. Proposamen horretatik sortu zen Erro

Erron hainbat gai jorratzen dut. Euretariko bat emakumea eta jainkosa dira, euren arteko fusioa... Niretzat 'emakumea eta jainkosa' kontzeptua nabarmentzea ezinbestekoa da. Errok hainbat gai jorratzen duenez, 'emakumea eta jainkosa' kontzeptuagaz beste zerbait egin nezakeela ikusi nuen, eta horrela sortu zen MADA zuzeneko performancea. Inaugurazio ekitaldian horixe aurkeztuko dugu: MADA

Beraz, inaugurazio ekitaldian zuzeneko performancea egingo duzue. 
Dantza bertikalean dabilen Janire Etxabek eta biok parte hartuko dugu. Janirek sokaren laguntzagaz dantza egingo du eta ni margo lanetan arituko naiz. Performance horretan, nire pertsonaia emakume lurtiarra izango da, eta bera jainkosa horren sinbolismoa. Eta hor zuzeneko margolan bat egingo dugu, bai gorputzean eta baita euskarri batean ere. Dena, dantzaren bitartez. 

Performancea momentuan sortzen den artea da nire ikuspuntutik. Bizitza eta artea batera doaz, eta performanceak, nahiz eta efimeroa izan, gure memorian bizirik irauten du. Esperientzia edo hor sortzen den 'zer' hori ez da sekula hiltzen. Hau ez da soilik arteagaz gertatzen, pertsonekin ere berdin pasatzen da.

MADA inaugurazio ekitaldian aurkeztuko duzue, baina baduzue asmorik beste inon egiteko?
MADA Errotik jaio da, Erroren alabatzat dut nik, eta Azokako inaugurazio ekitaldian egingo duguna working progress bat da. Hau da, momentuan sortu den zerbait. Baina gure asmoa bada MADA proiektu lez aurkeztea, horri forma gehiago eman eta kaleratzea. Azken batean, niri performanceak eta zuzeneko lanak egitea gustatzen zait gehien.

Abenduaren 7an, Erro film laburra estrainatuko duzue Irudienean. Zelakoa izan da Erroren sortze prozesua?  
Berezia eta polita. Udaberrian jaso nuen eskaintza eta irailera arte lanean ibili gara. Era organiko batean lan egin dugu, bizitzagaz batera. Eskaintza jaso nuenetik, banekien lan multidiziplinar bat egingo nuela. Eta argi nuen zein lantalde izan gura nuen. Norbere buruagaz lan egitea polita da, baina baita ere beste diziplina batzuetako jendeagaz lan egitea. Hori horrela, Erron bodypainta eta Janire Etxaberen dantza bertikala uztartu ditugu. Jon Mendizabalek bere kameragaz grabatu eta editatu du dena, eta Ines Osinagak ahotsa ipini dio.  

Oso gustura geratu naiz emaitzagaz, eta, gainera, espresatzeko beste era bat topatu dut. Nik ez dut inoiz lanik egin ikus-entzunezko arloan. Salto hori ematea, lantalde bategaz lan egitea, eta zer sortu den ikustea oso berezia izan da. 

Durangar legez, zer suposatzen du zuretzat Azokako inaugurazio ekitaldian parte hartzeak?
Niretzat fantasia itzela da Erro eta MADA egia bihurtu eta Durangoko Azokan parte hartzea. Ibilbide artistikoan, azken hiru urteetan salto bat eman dut. 2020a momentu klabea izan zen niretzat, naizena erakusteko, zeintzuk kolore ditudan erakusteko... Eta hor hasi nintzen ibilbide sakonagoa egiten, kobazulotik irten eta publikotasunean murgiltzen. Beraz, niretzat ohore bat da orain Durangoko Azokan MADA eta Erro aurkeztu ahal izatea. Oso eskertuta nago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!