“Nobedade legez, ikuskizun batzuk kanpoaldean izango dira aurten”

Anboto 2023ko abe. 1a, 13:00

Hileetako prestaketa lanen ondoren, Berbaro elkarteak dena prest dauka Saguganbarara doazen umeek irakurzaletasunagaz gozatzeko. Martxel Zubia (Abadiño, 1995) da espazio horren arduraduna.

Oraindino ere despistaturen bat badago, zer da Saguganbara?
Euskal kulturaren transmisioan eragin gura duen ume zein familien gozamenerako gune bat. Urtean egon diren lan berriak ezagutarazteko espazioa. Liburu aurkezpenak, ikuskizunak, kontzertuak, tailerrak eta bestelakoak izaten ditugu, 5 egunez, 11:00etatik 20:00etara.

Zein nobedadegaz dator aurten?
Nobedade legez, ikuskizun batzuk kanpoaldean izango dira aurten. Arrakastatsu aurreikusten diren ikuskizunak kanpoan egiteko aukera sortu zen eta ez genuen zalantzarik izan. Horrela, datozen denek izango dute ikuskizun horiek ikusteko eta gozatzeko aukera.

Garrantzi handia ematen diozue dekorazioari. Aurten zelan apainduko duzue?
Iaz aldaketa esanguratsuak egin genituen Saguganbaran, eta apurka-apurka iazkoa osatzen gabiltza. Aurtengoa iazkoaren antzekoa izango da, baina gunea ekipatuago egongo da.

Zein material izango duzue?
Gunea liburuz beterik izaten dugu. Aurtengo publikazio berriak eta iazko gomendagarriak ipintzen ditugu ikusteko, irakurtzeko, interpretatzeko… Liburu hauekin sortzen dugun beste gauzetariko bat, eta Saguganbaran ikusgai egoten dena, Ume eta gazteentzako irakur-gida izaten da. Aipaturiko liburuen gida bat izaten da hau. Gida horretan, liburuan adinka sailkatuta egoten dira, argitaletxeen adin gomendioen arabera. Liburu bakoitza zein argitaletxetakoa den, idazlea edo egileak nortzuk diren eta prezioaren informazioa aurkitu ditzakegu.

Ikasle Goizerako zer aurreikusi duzue?
Filosofia tailerra izango dugu, Jakinmin elkartekoen eskutik. Jakinmin elkarteak urteak daramatza haurrei filosofia tailerrak eskaintzen, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun elkarregaz tailer hau eskaintzea Ikasle Goizean. Tailer honetan, pentsamendu filosofikora hurbilketa ludiko bat egitea proposatzen da. Hausnartzea, baliogarria bezain dibertigarria delako.

Zeintzuk ekitaldi nabarmenduko zenituzke?
Guztira, 23 bat ikuskizun egongo dira Saguganbaran, eta batzuk nabarmentzea oso gatxa bada ere, hauetxek aipatuko nituzke: Elaia Torres Durangarraren Sustraidun umea, Patricia Urrutia Karrika antzerki taldeko zuzendariaren Batetik bestera kontzertua, Pello Añorgaren Pantxo zezena, Potx eta Lotxen pailazoen Zapata magikoa!, Ene Kantaken ikuskizuna eta Ameli ipuin kontalariaren Ameli eta Xirrikituen jostunek kontaketa.

Abenduaren 8an Martxanterak liburua aurkeztuko dute. Zertan datza?
Alaia eta bere gurasoak dira liburuko protagonistak. Amaren urtebetetzeaz ahaztuta, esku hutsik harrapatu du neskatoa, amarentzat oparirik barik. Baina Boni martxanteraren laguntza izango du. Durangon egon zen azken martxanterak irakatsiko dio pazientzia eta pertseberantzia ezinbestekoak direla helburuak betetze aldera. Eta ez dugu askoz gehiago kontatutako, badaezpada…

Irakurzaletasuna bultzatzeko, Berbarok Haur Literatur Aretoa antolatzen du Azokatik kanpora. Zenbat ikaslerengana heltzen zarete?
Durangaldeko ume pilo batengana heltzen gara Haur Literatur Aretoagaz; 4.300 bat umeengana, apur bat zehatzagoak izateko. Guztira, Zornotzako, Durangoko, Elorrioko, Zaldibarko eta Berrizko hamabost ikastetxek parte hartzen dute gure proiektu honetan. Urtero gai bat aukeratzen dugu, interesgarria izango den gai bat. Aurten, adibidez, Gaba Baltzaren bueltan erakusketa girotuak sortu ditugu, eta baita ipuin antzeztuak, ipuin kontaketak, antzerkiak, sormen tailerrak eta liburu erraldoiak ere. Horrez gainera, urtero irakur-gidak ateratzen ditugu ume eta gazteentzat, urteko argitalpen berriekin eta iazko gomendagarriekin.

Iaz zure lehenengo Saguganbara izan zen. Zelako esperientzia izan zen?
Itzela. Asko gozatu nuen iazko Durangoko Azoka. Guretzat oso egun intentsoak izaten badira ere, disfrutatu egiten dugu gure lana egiten. Aste osoan egoten gara Durangoko Azokako fantasia-mundu horretan murgilduta, ia ia hortik irten ere egin barik, eta horrek Azoka berezi egiten duela esango nuke. Urte osoan zehar lantalde handia batzen gara hau guzti hau antolatzeko, eta Azoka egunetan dena martxan dagoela ikusteak poztu egiten zaitu.

Eta aurten?
Aurten, antzera. Desiratzen nago 58. edizio hau heltzeko. Esan dudan moduan, egun horiek bereziak izaten dira. Ia dena prest dago, azken ukituak baino ez dira falta, eta dagoeneko hasita dago atzerako kontaketa. Konturatu orduko, hementxo dugu aurtengo edizioa ere.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!