Zer kontatzen du Dakota Txikiren muki bidaiaria ipuinak?
Dakota Txiki izeneko neskatila batek muki bat du traban, eta arratsalde batean, uste baino luzeagoa den muki hori atera eta atera hasiko da. Mukia leihotik irtengo da eta hortik zehar egiten duen bidaia kontatzen du ipuinak.
Zelan sortu zen proiektua?
Alaba txikia zenean, mukiak gora eta behera zebilela, asmatu nuen ipuina berarentzat. Eta gero, ipuin kontalari saioetan kontatu izan dut. Ahozko saioetan oso ondo funtzionatu izan du beti, eta, apur bat moldatuta, Durango Sor[-tzaileen]leku bekara aurkeztu genuen. Orain Iraia Okinaren ilustrazio zoragarriekin dator. Biok elkarlanean, muki amaiezina zena muki bidaiari bihurtu dugu. Poza ematen dit horrek, nire lehenengo albuma ere Iraiagaz atera nuelako: Ilania. Orain berriro elkartu gara. Oso interesgarria izan da, oso ilustratzaile fina, artistikoa delako. Gainera, beti dabil bere lengoaia estetikoa moldatzen. Elkartzerakoan erraz konektatzen dugu, eta bekaren aukera etorri zenean era naturalean jo nuen berarengana.
Sormen prozesuan zehar moldatuz joan den istorioa da orduan.
Ahozko ipuin bat mutatzen joaten da, aldatzen. Hasieran ipuin bat da, eta kontatzen zoazen neurrian norbera ere aldatuz doanez, ipuina ere moldatuz joaten gara. Bada, laino batean zihoan ipuina zena liburura ekarri dugu, eta orain hor geratuko da. Gainera, lurreratze horretan, Iraiak eta biok elkar adosteko aukera izan dugu. Pozik eta trankil nago, zelanbait testatuta dagoen ipuina delako. Umeei asko gustatzen zaie, oso plastikoa eta jolastia da, irudimen handikoa. Mukiak ukitzen ditugu, eta horrek umeak emozionatu eta kitzikatu egiten ditu. Mukiak gure lagunak dira, barruan duguna ateratzen laguntzen digute horretaz berba egiteko. Inoiz lagunek eta ezagunek esan didate oso erabilgarria dela umeak mukiak ataratzen hasten direnerako. Baina, sinbolikoki, mukia metafora lez hartuta, esan daiteke barruan duguna ateratzearen inguruko ipuin bat dela; atera eta joan dadila mundura, zabaldu dadila, bidaiatu dezala, partekatu dezagun... Mukia, eta mukia ez den hori ere bai, atera eta beldurrik barik partekatzeko gonbitea dela esan genezake.
Etxeko txikienei zuzenduriko ipuina da.
Album bat da, album artistikoa. Lehenengo hartzaile naturalak ume txikiak dira. Gurasoek seme-alabekin partekatzeko ipuina dela esan daiteke. Testu gutxi dago, irudiak du presentziarik handiena. Gainera, ilustrazio batzuek bigarren irakurketa baterako ematen dute. Umeak irakurtzen ikasten hasten direnerako tipografia argia ipintzen ere ahalegindu gara eta egitura errepikakor bat du, neurri aldetik.
Ilania eta Txomintxo eta Perutxoren abenturak sortu dituzu aurretik. Badu zerikusirik horiekin?
Dakota Txikiren muki bidaiaria plastikoagoa da, ia amets bat lakoa. Irudimen gehiago du eta ilustrazioak pisu handiagoa hartzen du. Sortze bulkada baten modukoa izan da eta oso pozik nago.
Narratiba eta poesia ere egin dituzu, haur literaturaz gainera. Non sentitzen zara erosoen?
Poesian hasi nintzen, hori dut berezkoa. Poesia da nire genero kutuna, oinarrizkoa, eta uste dut horretan amaituko dudala. Baina haur literatuta oso hurbil dago poesiaren bestelako orden eta sormen horretatik. Helduen literaturan ere gustura jarduten dudan arren, helduen artean kamuflaturiko ume bat naizela uste dut. Gustura nabil, baina puntu bateraino; ez hainbeste idazterakoan, baizik eta ondoren etortzen den intelektualizazio prozesuan. Ez naiz oso intelektuala eta kostatu egiten zait zenbait intuizio berbetan ipintzea. Momentu honetan umeentzako sormen tailerrak ematen ere banabil. Nire burmuina erraz joaten da umearoko unibertso horretara.
Durangoko Azoka plaza berezia duzu?
Bai. Egun politak dira. Egunotan kanpoko lagunekin batzen naiz, beti etortzen dira etxera, eta pozik egoten naiz. Oso gustura geratzen naiz Durangon: liburu artean, aurkezpenetan, zeozer bazkaldu, parranda apur bat egin...