Azaroak 25

“Emakumeen Lasterketan giro bikaina egoten da, egun berezia eta oso polita da”

Anboto 2023ko aza. 17a, 13:30

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Durangon Emakumeen Lasterketa. Eta bueltan dira baita ere Durango Kirol Taldeko kideak, indarberrituta. Beste behin ere helburu argi bategaz antolatu dute proba: emakumeentzako lasterketa bat izatea eta azaroaren 25eko aldarriak, hau da, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako aldarriak lau haizeetara zabaltzea.Proba bi izango dira azaroaren 25ean Durangon.

Lehenengoa 17:00etan hasiko da eta 1,6 kilometroko ibilbide testimoniala izango du. Hau amaitutakoan, Emakumeen Lasterketa hasiko da, 5 kilometroko proba. Biak Ezkurdin hasi eta amaituko dira. Proba bi hauen inguruan berba egiteko, Durango Kirol Taldeko Sonia Oceja Salazarregaz (Durango, 1968) eta Ainara Mugartegi Solozabalegaz (Markiña, 2001) batu da ANBOTO. 

Azaroaren 25erako VI. Emakumeen Lasterketa antolatu duzue. Lehenengo eta behin, zelan doa prestaketa lana?
Sonia Oceja:  Aurten, batez ere Ainara ibili da lasterketa prestatzen, Joseba Bikandiren laguntzagaz. Eta lan hori aitortu behar zaio Ainarari. 
Ainara Mugartegi: Lehenengoz antolatzen dut honelako zerbait eta ez nuen uste horrenbesteko buru-hauste zekarrenik. Kanpotik barrutik baino zati bat errazagoa ematen du, baina, tira, ea zelan irteten duen. 

Eta zer dela-eta animatu zara lasterketa antolatzera?
A.M.: Orain arte, taldean Sonia egon da presidente karguan, eta aurten Bikanek erreleboa hartu eta Eneko Lambarri eta biok ere zuzendaritzan sartu gara. Beraz, ardurak hartzea egokitu zaigu, eta denean ekitea.
S.O.: Aurten aldatu egin dugu zuzendaritza taldea, eta gazteagoak sartu dira. Lehengook ez dugu dena bertan behera utziko, baina alde batera egin eta lekua utziko diegu atzetik datozenei. Zeregin asko dute orain esku artean; horietariko bat Emakumeen Lasterketa, eta Ainarak ederto eutsi dio erronkari.  

Zuk, Sonia, zenbat urte egin dituzu Durango Kirol Taldeko presidente karguan?
S.O.: Ia zortzi urte, guztira. Justu orain dela zortzi urte bueltatu nintzen atletismora, eta etorri eta berehala izendatu ninduten presidente. Taldeari lotuta jarraituko dut, baina ez dut orain arteko ardura izango. Lekua utzi behar zaie gazteei, haize berria beti datorrelako ondo. Beste egiteko modu bat dute, beste ikuskera bat. Eta hori oso ona da. 

Zelako esperientzia izan da?
S.O.: Oso ona. Jende mordoa ezagutu dut eta asko ikasi dut atletismoaren munduari buruz. Azken batean, atleta baino ez zarenean, jorratzen duzun atala ezagutzen duzu, baina ez beste dena. Eta benetan esperientzia ederra izan da.

Eta zuretzat, Ainara, zelako esperientzia ari da izaten?
A.M.: Hasieran, beldur apur bategaz sartu nintzen, baina oso gogotsu nabil taldean. Soniak esan duen moduan, ikasteko balio badigu, bikain. 

Eta hemen duzue lehenengo erronka, Emakumeen Lasterketa. 
A.M.: Bai. Lasterketako ibilbideari dagokionez, aurreko urteetako bera izango da. Eta aurreko edizioetan lez, proba bi izango ditugu.
S.O.: 17:00etan ibilbide testimoniala izango dugu. Proba laburra izango da, herritar guztiei zuzenduta dagoena, baita umeei ere. Proba hau amaiturikoan, Emakumeen Lasterketa izango dugu. Bertan, emakumeek baino ezingo dute parte hartu, eta bost kilometro egingo dituzte korrika. Lasterketa Durangoko Ezkurdi plazan hasi eta amaituko da.
A.M.: Proba laburra 1,6 kilometrokoa izango da. 

Zergaitik animatu beharko lirateke emakumeak lasterketan parte hartzera?
A.M.: Orain arte, maila ezberdineko jendeak parte hartu du lasterketan. Egon dira emakumeak lehiatzera etorri direnak, baina baita lagunekin ondo pasatzera irten dutenak ere. Plan diferente bat egiteko aukera eskaintzen du. Emakumeen Lasterketan giro bikaina egoten da, egun berezia eta oso polita izaten da. Musika egoten da eta kamisetak ere banatzen zaizkie parte hartzaileei.
S.O.: Oso giro polita egoten da eta denentzat dago lekua. Aurreko batean galdetu ziguten ea bazegoen aukerarik ibilbidea oinez egiteko. Egin daiteke, jakina, baina luze ere egin daiteke, eta aspertzeko arriskua ere badago. Azken batean, lasterketa bat da, baina edozeinek parte hartu dezakeena. Nahikoa da korrika apur bat egitea. Gainera, egun berezia da, Azaroak 25. Eta momentu aproposa da egun horretako aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko. 

Zelan dago osasunez Durango Kirol Taldea?
S.O.: Orokorrean, taldea oso ondo dagoela esan daiteke. Eta, gainera, neska gazteen taldea geroago eta indar gehiago hartzen dabil. Hori oso pozgarria da. 
A.M.: Entrenatzaileek beti diote harrobia badagoela egon. Eta jendeak gogoa ipiniz gero eta laguntzak jasoz gero, mutilen mailako talde bat atera daitekeela esaten digute. Mutilak Espainiako lehenengo mailan daude. 
S.O.: Eta neskak ere maila horretara heltzea da gure asmoa. Gaur egun, neskak Espainiako Bigarren Mailan daude, baina lortu daiteke Lehenengo Mailan egotea. Bestalde, eskolan ere ume asko dugu. Horiek kroseko lasterketetan dabiltza parte hartzen. Eta mendiko taldeak ere baditugu, bai neskena eta baita mutilena ere. Hauek ere Lehenengo Mailan daude estatuko lasterketetan. Horiez gainera, master edo beteranoon taldea ere badugu. Hemen, emakumeok Lehenengo Mailan gaude, eta gizonezkoak 'flojotxoago' ditugu. Orokorrean, Durangoren moduko herri batentzat maila itzela dugu. 

Orainurte batzuk, Taldeko hainbat kidek talde bat sortu zenuten emakumeek korrika egiten irteteko. Talde horrek bizirik jarraitzen du?
S.O.: Bai, martxan jarraitzen du. Talde horrek gorabeherak izan ditu; batzuetan, emakume gehiago batu gara, beste batzuetan gutxiago, baina taldea martxan dabil, batez ere Goretti Etxegibelen eskutik. Whatsapp talde bat dugu, berrogeita hamar bat lagunekoa, baina gaur egun hamar bat lagun etortzen dira. 

Norbaitek parte hartu gura balu, zer egin beharko luke?
S.O.: Edozein etorri daiteke, eta, gainera, inongo konpromisorik barik. Aste batean etorri zaitezkeela eta hurrengoan ez, ba, ez dago inongo arazorik. Gainera, taldetxo txikiak egiten ditugu, mailaren araberakoak. Horrez gainera, ariketa guztiak egokitu egiten ditugu. Beraz, etorri gura duenak zabalik ditu ateak. Eguenetan batzen gara, 18:30ean, atletismo pistan. 

Beste ezer gehitu gurako zenukete elkarrizketa honetan?
S.O.: Bai, hemendik eskerrak eman gura dizkiegu Emakumeen Lasterketa babestu duten denei. Durangoko hainbat enpresak konpromisoa hartu dute gure lasterketari laguntzeko, eta hori ezinbestekoa da guretzat. Ez daukagu inoren babes zuzenik proba hau antolatzeko, eta, beraz, herriko enpresa hauen laguntasuna ezinbestekoa izan dela azpimarratu nahiko genuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!