Kiroldegietako lan gatazka konpontzeko harturiko konpromisoak "betetzen" ari direla esan du Durangoko Udalak, ohar bidez. Modu honetan, gobernu taldeak erantzun egin dio atzo ELAk kaleratutako informazioari. Sindikatuak kritikatu zuenez, udalak hiru lotetan banatu du zerbitzuari dagokion kontratu berria, "langileak zatituta". Udalak, baina, erantzun egin dio kritika horri, eta argitu du zerbitzua lote bakarrean lizitatzeko aukera ez dela "inongo akordioren parte izan", hain zuzen ere, udaletxeko zerbitzu juridikoek "baztertu" egin zutelako planteamendu hori. Legeak zerbitzua lotetan banatzera derrigortzen duela adierazi du udalak.
Edozelan ere, gobernu taldeak lizitazio berria defendatu, eta "hartu ziren konpromiso guztiak betetzen" ari direla baieztatu du. Honako hauek: azpikontrataturiko zerbitzuak zabaltzea (fitness, gidatutako jarduerak, rokodromoa eta kirol orientaziorako zerbitzua), fitness aretoa ordutegi osoan zabalik egotea, prebentziorako mantentze lanak txertatzea eta jarraipen batzorde bat abian jartzea.