[ARGAZKI GALERIA] Biktima guztiak omendu dituzte Ezkurdin egindako ekitaldi instituzionalean

Joseba Derteano 2023ko aza. 10a, 14:31

Durangoko gobernu taldeak deituta Memoria Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dute gaur Ezkurdin, Justizia Auzitegiaren aurrealdean kokatuta dagoen oroigarrian.

"Ezin dugu gertatu zena ahaztu. Berriro gertatu ez dadin gaude hemen. Gure seme-alabak askatasunean bizi daitezen gura dugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak gaur eguerdian egindako ekitaldian. Bertan egon dira, besteak beste, Mari Carmen Hernandez, ETAk hildako Jesus Mari Pedrosa Durangoko zinegotzi popularraren alarguna; Rosa Vadillo, ETAk hildako Epifanio Vidal mekanikariaren alarguna; eta Santiago Oleagaren, ETAk Donostian hildako enpresari durangarraren  Mariasun eta Maricarmen arrebak.

EH Bilduko, EAJko, PSE-EEko eta Herriaren Eskubideko udal ordezkariak ere bertan izan dira. Bakoitzak arrosa bana utzi du oroigarriaren ondoan, eta minutu bateko isilunea gorde dute. Mireia Elkoroiribek eta Jessica Ruiz zinegotziak monolitoaren aurrean jarritako lore-sorta batekin amaitu da ekitaldia.

Iluntze honetan beste oroimen ekitaldi bat egingo dute Kurutziaga kaleko monolitoan, Herriaren Eskubideak deituta. Ekitaldia 19:00etan izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!