"Biktima guztiak omentzeko" ekitaldi instituzionala egingo dute Ezkurdiko monolitoan

Anboto 2023ko aza. 9a, 10:09

Ekitaldia bihar izango da, azaroaren 10ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospatzen den Memoriaren Egunagaz bat eginda. 

Durangoko gobernu taldeak iragarri du bihar Memoria Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala "berreskuratuko" duela. Ekitaldia Ezkurdin egingo dute, Justizia Auzitegiaren aurrealdean kokatuta dagoen monolitoan. Oroigarria 2007an ipini zuten han, ETAk Durangon hildako biktimen omenez. Gobernu taldeko EAJren eta PSE-EEren iritziz kokaleku hori da "terrorismoaren biktimei eta haien familiei omenaldia egiteko gune egokiena". Mireia Elkoroiribe alkateak "biktima guztiei dagokien memoria, erreparazioa eta elkartasuna" babesten dituztela adierazi du, "ETAk, GALek edo beste talde batzuek eragindakoak, inolako bazterketarik eta justifikaziorik gabe". Jesica Ruiz alkateordeak gaineratu duenez, "askok oso gertutik pairatu dugu terrorismoak eragindako mina, eta berriro ez gertatzeko moduetako bat biktima guztiak eta haien familiak gogoratzea eta omentzea da". Hau guztia dela eta, gobernu taldeak biharko ekitaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak 

Kurutziagako monolitoan ere bai

Herriaren Eskubideak ere ekitaldia antolatu du biharko, eta herritarrak gonbidatu ditu "biktima guztiak elkarrekin gogoratzera". Memoriaren Egunagaz bat eginda, talde independenteak ekitaldia egingo du bihar iluntzean, Kurutziaga kaleko monolitoaren aurrean. Ekitaldia 19:00etan izango da. 

2010ean, Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Egun gisa izendatu zuen azaroaren 10a, Patxi Lopez lehendakari zela. Egun hori da, hain zuzen ere, ETAk atentaturik gauzatu ez zuen egutegiko egun bakarra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!