Joan zen zapatuan San Fausto Zesta Txapelketaren 39. aldiko finalak jokatu zituzten Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Frontoia zalez bete zen finalak bertatik bertara jarraitzeko. Nesketan Helena Barrenetxea durangarrak Arai markinarrarekin osatu zuen bikotea. Biak Elaia berriatuarraren eta Eneritz Lizardi munduko txapeldunaren aurka lehiatu ziren. Azken hauek geratu ziren txapeldun lehenengo bi setak irabazita.
Mutiletan Aldazabal eta Argoitia markinarrek Urko Leke eta Oier Diaz gernikarren aurka jokatu zuten. Lehenengo seta markinarrek irabazi zuten, baina hurrengo biak gernikako bikotearen aldera erori ziren eta eurek jantzi zuten txapela. Galdu arren, Argoitia 16 urteko gazteak etorkizun handia duela erakutsi zuen.
Antolatzaileak oso pozik daude txapelketak izan duen harrerarekin. "Txapelketaren azken balantzea bikaina izan da. Sailkapen-ligaxka, final-laurdenak, finalerdia eta finala kontuan hartuta, 3.000 ikusletik gora batu dira Ezkurdi Jai Alaiko harmailetan. Beraz, San Fausto txapelketa berrituaren arrakasta handia izan da eta zesta punta Durangon izaten ari den gorakada berresten du", adierazi dute ohar batean.