San Fausto Zesta Txapelketa gazte mailetan zentratuko da aurten

Anboto 2023ko ira. 7a, 12:30

Gizonetako txapelketa 23 urtez azpikoa izango da eta neskena jubenil mailakoa.

San Fausto Zesta Txapelketaren 39. aldia zapatu honetan hasiko da. Txapelketa "etorkizuneko pilotari gazteen erakuslehio" bihurtu gura dute Durango Jai Alai Zesta Punta eskolako arduradunek, ohar batean adierazi dutenez. Helburu horretara egokitzeko neurriak hartu dituzte: gizonen txapelketa 23 urtez azpikoa izango da eta neskena, gazte mailakoa.

Horrez gainera, 1.300 euroko diru sariak banatuko dira lehiakideen artean. Irabazleek, txapelaz gainera, garaikur berezi bat jasoko dute: Ezkurdi plazan dagoen 'Piloa jokoa' eskulturaren erreplika bat. 'Pilota jokoa' eskultura Daniel Fullaondo eta Fernando Olabarria arkitektoek sortu zuten 1970ean, Jorge Oteziaren beste lan batetik abiatuta.

Txapelketaren garapena

Gizonetan 13 klubek parte hartuko dute, lau multzotan banatuta. Irailaren 30era arte ligaxka formatuan jokatuko da. Talde bakoitzeko bi bikote onenak final laurdenetara sailkatuko dira, urriaren 1etik aurrera jokatuko direnak. Nesken kasuan, txapelketa laburragoa da. Lau bikotek parte hartuko dute eta urriaren 7an eta 8an jokatuko dira final aurrekoak.

Jardunaldiak zapaturo —19:00etan— eta domekero —12:00etan— jokatuko dira Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Txapelketa bietako finalak urriaren 14an, 19:00etan, izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!