Gaur eguerdiko txupinazoarekin hasi dira Durangoko San Fausto jaiak. Mugarra Triatloi Taldeko ordezkariek irakurri dute pregoia. Herritik eta herriarentzako jaiak aldarrikatu dituzte eta “lotsarik eta beldurrik gabe” jaiez gozatzeko deia egin dute. Gainera, feminismoa eta euskera ere erdigunean jarri dituzte.
Jendetza batu da gaur eguerdian txupinazoan. Udaletxeko plaza lepo egon da eta inguruko kaleak ere bai. Datorren urtean 20 urte beteko dituen Mugarra Triatloi Taldeko kideak izan dira aurtengo txupineroak.
Pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtitzeaz gain, herritarrek harrera egin diote Patxikotxuri. Aurten, Patxikotxu Pantxikeren konpainiarik barik joan da txupinazora. Durangoko Txosna Batzordeak atzo iragarri zuen lez, gaur Pantxike ez da egon udaletxeko balkoian. Udaletik jasotako “traba” batzuen ondorioz, Txosna Batzordeak ez du udaletxeko txupinazoan parte hartu.