Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak Azokaren sortzaileen ametsak ekarri ditu gogora. "58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetatik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da. Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa", azaldu du prentsaurrekoan Mujikak.
58. edizioko irudia Ximon Agirre (Hernani, 1994) artistak egin du. Agirre Artean graduatu zen EHUn, eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Batez ere, ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da, eta gehienbat, musika taldeentzat egin du lan: Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Amooma edota Kilimak, esaterako. "Sormenaren zikloa irudikatu nahi izan dut, eman duzun hori hartzen da, eta hortik unibertsoa sortzen da", azaldu du gaurko prentsaurrekoan hernaniarrak. Irudia hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua.
Egitaraurako proposamen epea, zabalik
Bestalde, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Museoa, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako egitarauak prestatzen ari dira, eta urriaren 15era bitartean www.durangokoazoka.eus webgunean proposamenak egiteko aukera dagoela gogoratu dute.
Horrez gainera, online denda ixtea erabaki dutela azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. "Aurten, aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Etorkizunean online ereduaren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara".