"Ez dugu lan baldintzak hobetzea eskatzen", diote ELA sindikatuko kideek; "Zeuden lan baldintzak mantentzea baino". Gaurtik aurrera, Landakoko kiroldegietan lan egiten duten kirol monitoreek greba mugagabea hasi dute. 22 bat langile daude lanuztera deituta. Athlon, BPXsport eta SportStudio azpikontrataturiko enpresako langileak dira guztiak. "Erabaki hau hartzea oso gogorra izan da, gure lana asko gustatzen zaigulako, kirola egitera datozen herritarrekin hartu eman handia dugulako, baina erabaki hau hartu behar izan dugu", azaldu dute ELAko iturriek.
Sindikatuaren berbetan, urte hasieran kirol zerbitzua kudeatzeko lizitazio berria indarrean sartu zenetik "okerrera" egin dute lan baldintzek. Diotenez, izurria baino lehen "astean 140,5 orduko kirol eskaintza" zegoen Landakon. Orain, baina, gutxiago, "astean 94 ordu" eskaintzen dira, "nahiz eta herritarren eskariak handia izaten jarraitu". Gaineratu dutenez, fitness gelan "murrizketak" egon dira eta gaur egun ez dago monitorerik "lehenengo orduan eta eguerdian". Bestalde, azpikontrataturiko hiru enpresei egotzi diote "lan-baldintzak eta subrogazioa ez errespetatzea". Horrez gainera, Durangoko Udala ere seinalatu dute. "Tratu txar instituzionala" egitea egotzi diote.
Zerbitzu batzuk bai, beste batzuk ez
Greba mugagabea azpikontrataturiko beharginek hasi dutenez, haiek eskaintzen dituzten jarduerak, Lur kategoriakoak (Spinning, pilates, zunba...) etenda geratu daitezke. Fitness aretoan ere, berdin. Bertan begiralea egon ohi denez, baliteke monitoretza lanak etenda egotea. Edozelan ere, Durango Kirolak-ek argitu du fitness aretora sartzeko aukera egon badagoela. Grebak ez du eraginik izango rokodromoan, igerilekuan eta Kirol Orientazio Zerbitzuan.