#0km

'Motxila Durangon bete' kanpainak tokiko kontsumoagaz jantziko du eskola itzulera

Anboto 2023ko ira. 5a, 10:44

Durangoko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Dendak Baik kanpaina berri bat sortu dute eskola itzuleraren testuinguruan. Izan ipuinak, jolasak, kirola zein moda, motxilak Durangoko dendetan betetzera deitu dute.

Dendak Baik Motxila Durangon bete kanpaina ipini du martxan herrian Lehen Hezkuntza eskaintzen duten sei ikastetxeekin batera (Kurutziaga, Landako, Nevers, Jesuitak, San Antonio eta Zabalarra). Ikasturte berriaren hasiera den honetan, tokiko kontsumoa eta kontsumo arduratsua sustatu gura dute. Irudi berri bat sortu dute umeek eskolara joateko erabili ohi dituzten motxilekin, eta horiek herriko komertzioetako dendetako salgaiekin betetzera deitu dute. Irudi berria ikastetxeetan, saltokietan, tokiko hedabideetan eta sare sozialetan ipiniko dute ikusgai.

"Azken urteotan, ikasleen bisitak saltokietara antolatu ditugu, ikastetxeek opari-txartelak oparitu dituzte herriko dendetan gastatzeko... Lankidetza puntual horiek gero eta ohikoagoak dira, baina oraingoan urrats bat gehiago ematen da, alde guztiak ekintza berean biltzen baitira", azaldu dute Dendak Baiko arduradunek. Lankidetza hori etorriko diren beste askoren abiapuntua izatea gura dute.

Dendak Bairen kanpaina honek Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!