#0km

Durango Fashion Gauak Plateruena hartuko du irailaren 29an

Anboto 2023ko abu. 31a, 13:48

2016ko Durango Fashion Gaua.

Horretarako, datorren eguenean, irailaren 7an, desfilea prestatzeko kastinga egingo dute Plateruenean bertan. 17:00etatik 19:00etara izango da.

Durangoko moda eta osagarri dendek dena daukate prest denboraldi berriari ekiteko. Arropa bilduma berriak jendaurrean aurkeztea baino ez zaie falta. Eta horretarako, zer hobe herritarren desfile parte hartzaile bat egitea baino? Urtero legez, Dendak Baik Durango Fashion Gaua antolatu du. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta Plateruenean egingo dute, durangarrek osaturiko desfile herrikoi bategaz.

Desfilea prestatzeko, baina, kasting bat egingo dute lehenengo. Datorren eguenean izango da, hilaren 7an, 17:00-19:00 ordutegiagaz, Plateruenean. Interesdunek nahikoa izango dute bertaratzea. Ez dute aurretiazko hitzordurik beharko. Gorpuzkera eta genero guztietako herritarrak hartuko dituzte, betiere, 18 urtetik gorakoak badira. Umeen kasuan, dendariek beraiek aukeratuko dituzte modeloak.

Dendak Bai elkarteak Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza jaso du Durango Fashion Gaua prestatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!