Gazteak eta ekintzaileak. Seguruenik zuek izango zarete Goienkaleko taberna arduradunik gazteenak.
Gure buruak ez ditugu betiko ostalari lez ikusten. Gure lanbideak ditugu. Nik Orbean egiten dut lan. Anderrek bere enpresa dauka. Baina bai bera eta bai ni hainbat saltsatan sarturikoak gara. Keep Real arropa marka eta Naiz Market kudeatzen ditut nik, EH Jaiak instagram kontua darama Anderrek. Honako hau proiektu bat gehiago da guretzat. Izan ere, Anderrek Sopelako La Bocateria establezimendua kudeatu du pare bat urtez, eta nik zortzi urtez egin dut lan hainbat tabernatan zerbitzari legez. Taberna baten ardura hartzeko gogoa sartu zitzaigun bioi, eta halantxik egin dugu.
Zergatik Gure Kabiya?
Gogoan dut behin Jai Berrin afaldu genuela Anderrek eta biok, elkarri zer moduz genbiltzan kontatzeko. Halako batean, Anderrek esan zidan Gure Kabiya zarratu zutela. Nik atoan bota nuen: “Hartuko al dugu?”. “Bai zera!”, erantzun zuen Anderrek. Eta hara! Zazpi minutu pasatxotan erabaki genuen baietz, Gure Kabiya hartuko genuela. Motibatu ginen, eta berehala hasi ginen lanean. Jabeei gure proiektua aurkeztu genien. Gustatu zitzaien, eta negozioa, errenta, gure esku uztea erabaki zuten.
"Taberna eguenetatik domeketara zabalduko dugu. Izan ere, gauzak ondo egin ahal izateko astiro joan gura dugu"
Abentura honetan sartzeak bertigorik eman dizue?
Ez, ez. Inondik inora. Nire kasuan, honako hau izango da orain arte egin dudan proiekturik handiena. Baina hainbat saltsatan gabiltzanez, mila gauza antolatu dugunez, ez dugu bertigorik sentitu. Oso gogotsu gaude, oso motibatuta.
Taberna berrituak zein ezaugarri izango ditu?
Hasieran, eguenetik domekara zabalduko dugu. Izan ere, gauzak ondo egin ahal izateko astiro joan gura dugu. Eguenetako pintxopoteak ondo funtzionatzen du, eta orain arte ikusi ez den pintxo bat eskainiko dugu gurean. Barikuetan normal jardungo dugu, eta zapatuetan eta domeketan razioak eskainiko ditugu. Rabak, txopitoak, kroketak, pernila. Bestalde, formatu txikiko kontzertuak eskaintzen hasi gura dugu, saio akustikoak adibidez. Eta aurrera begira brunch erako gosariak ere eskaini gura ditugu. Oso boladan daude, eta gura duguna da erreserbekin eta etorri ahala, era bietan eskaintzea. Azken finean, balio erantsi bat bilatu gura dugu beste eskaintzen artean.
Brunch otorduak, formatu txikiko kontzertuak, razioak... azken finean, balio erantsi bat bilatu gura dugu beste eskaintzen artean.
Gauzak argi dituzuela igartzen da.
Bai. Buruan ideia argi bat daukagu, baina posible da eskaeraren arabera, denboraren arabera, moldaketak egiten joatea. Garagardoak bikain zerbitzatu gura ditugu. Kafeak, apar apainduarekin. Gazte taberna bat izan daitekeelakoan gaude.
Gazte taberna bat izango da?
Hein handi batean bai. Izan ere, kale honetako goialdeko tabernetan gazteria mugitzen da. Muga taberna honetan egon daitekeela uste dut. Esango nuke hori izango dela gure indargunea. Aste barruan zabaltzen hasten garenean, baina, profila bestelakoa izango da seguruenik. Eguneko poteoa egongo delakoan gaude.
Inaugurazio ekitaldia bihar izango da.
Bai, 20:00etatik 22:00etara egingo dugu. Pintxoak egongo dira. Batetik, ohikoak, tradizionalak. Baina baita etorkizunean eskainiko ditugun brunchekin eginiko pintxoak ere. Razioekin ere, berdin. Eskainiko ditugun razioak ere dastagai izango ditugu. Horrez gainera, zapatu honetan bertan musika izango dugu. El Despiste txaranga kontratatu dugu, eta musika jartzaile bi ere izango ditugu: DJ Kuku eta DJ Corti.