Ekain Zenitagoiak Bigarren Mailan jarraituko du Real Racing Club taldearekin

Anboto 2023ko uzt. 1a, 14:53

Jokalari durangarrak 2025eko ekainera arteko kontratua sinatu du Santanderko futbol klubarekin.

Ekain Zenitagoiak hirugarren urtea egingo du Bigarren Mailan. 2021ean maila honetara igo zen U.D. Ibizarekin eta harrezkero han ibili da. Ibiza mailaz jaitsi da aurten, baina Zenitagoiak maila berean jarraituko du Real Racing Club taldeak fitxatu duelako.

Santanderko futbol klubak gaur eman du fitxaketaren berri bere sare sozialetan. Zenitagoiak 2025eko ekainera arteko kontratua sinatu du. 

Ekain Zenitagoia Aranak (Durango, 1994) Durangoko Kulturalean eman zituen bere lehenengo urratsak. Kulturalarekin Bigarren B Mailara igo zen eta maila horretan 34 partidu jokatu eta zortzi gol sartu zituen. Ondoren, Bigarren B Mailan zebilen Amorebieta klubera joan zen eta urtebete eman zuen han  26 partidutan bederatzi gol sartuz.

Bere hurrengo etapa U.D. Ibiza taldean izan zen. 2020/21 denboraldian Bigarren Mailara igo zen klub horrekin eta harrezkero hantxe aritu da. Bigarren Mailan 71 partidu jokatu, 11 gol sartu eta bost asistentzia banatu ditu. Errege Kopako sei partidu ere jokatu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!