#0km

"Ardi nano biri txapa ipintzeko lepoko bi egin genituen behin"

Aitziber Basauri 2023ko uzt. 4a, 08:54

Liokak martxoan ekin zion bere bideari. Ane Solana (Durango, 1996) proiektuaren ageriko aurpegia da, eta ahorik ahokoari eskerrak leku bat hartzen hasi dira etxeko animalientzako merkatuan. Durangaldeko eta batez ere Bizkaiko hainbat azokatan parte hartu dute eta Solanak dio oso harrera ona izan dutela. Betaurrekoak edo mugikorrak eramateko osagarriak eta gerrikoak egiteko enkarguak ere egin dizkiete (lioka_shop).

Zelan jaio zen Lioka?
Aurretik, makramea erabiliz saskiak egin ditut furgonetarako. Pandemia sasoian murgildu nintzen horretan. Bada, lagun batzuekin elkartu ginen batean, makramea edo antzerako teknika bat erabilita euren txakurrentzat lepokoak egingo ote nizkien galdetu zidaten. Esan eta egin. Interneten arakatzen hasi nintzen eta Alemanian oso ohikoa dela ikusi nuen. Zelan egiten zuten ikusi ondoren, ni neu hasi nintzen. Bikotekideak eta biok hasitako proiektua da. 

Harrera ona izan duzue.
Bai. Lagunen enkarguekin hasi ginen. Baina geroago eta gehiago egiten hasi ginen, eta Eixu elkarteak Elorrion antolaturiko azokan parte hartzeko aukera sortu zen. Jendeak gure produktuak gustuko zituela ikusita, aurrera jarraitu genuen.

Zein produktu eskaintzen dituzue?
Batez ere, txakurrentzako eta katuentzako lepokoak eta paseoan eramateko sokak egiten ditugu. Lepokoak paraxutistek erabilitako paracord sokekin egiten ditugu, korapiloen hainbat teknika erabilita. Oso material gogorra da, 200 kilotik gora eusten ditu eta kolore politak dituzte. Merkatu berri bat sortu da hor, eta paracord soka koloretsuagoak egiten dituzte. Europan oso zabalduta dago: Alemanian, Holandan, Kroazian, Belgikan... Handik hartu nuen ideia. Kolorea, diseinua eta materialaren gogortasuna gustatzen zaizkio jendeari. Sokak eskalatzaileek dituztenen antzerakoak dira, diseinu politagoagaz.

Hutsune bat bete duzue?
Nahiko eskaintza berria da oraingoz. Azoketan esan digute ez dutela gureen moduko lepokorik ikusi. Eta produktu desberdin bat eskaintzen dugulako deitu digute azoketan parte hartzeko. Denda batean ez dago aukerarik norberak gura duen moduko lepokoa egiteko, gura dugun koloreekin eta material honegaz. Hori da gure bereizgarritasuna.

Txakurretzako eta katuentzako osagarrietara mugatzen zarete?
Bueno, ardi nano biri txapa ipintzeko lepoko bi egin genituen behin. Ahuntzek ere eramaten dituzte. Txakurrentzako lepokoak egiten ditugu gehien. Baina katuentzakoak ere bai, nahiz eta ohikoena ez izan. Ez dugu inolako animaliarik diskriminatzen (barrez). 

Zein izan da enkargurik bitxiena?
Parte hartu genuen lehenengo azokan, metro bi soka erosi zigun emakume batek, papagai bati ipintzeko. 

Noraino helduko da Lioka?
Ez dakit, orain arte lez jarraitzea da helburua, hazten joatea eta eboluzionatzea. Ez da gure lanbidea, ez dugu horrela ikusten, baina hemendik zerbaitek irteten badu, ondo. Ez gaude ezertara itxita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!