Durangoko alkatearen soldata urtean 77.929 eurokoa izatea proposatu du gobernu taldeak

Anboto 2023ko eka. 29a, 13:48

EUDEL erakundeak 10.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrientzat gomendatzen duen irizpidea hartu dute alkatearen soldata finkatzeko oinarri modura (Durangok 29.644 biztanle zituen iaz). Gobernu taldeko kideen liberazioez gainera, oposizioko alderdi bakoitzak (EH Bildu, Herriaren Eskubidea, PP) liberatu bana izatea proposatu dute.

Alkatearen eta liberatuen soldatek eztabaida piztu dute Durangon. Goiz honetan, EH Bilduk gobernu taldearen asmoak kritikatu ditu, Mireia Elkoroiribe alkatearen soldata %66 igotzea aurreikusi dutela esanez. Orain, Durangoko gobernu taldeak kritika horiei erantzun die, eta adierazi du Elkoroiriberen soldata EUDEL erakundeak gomendaturiko irizpideetan oinarrituko dutela; zehatz esanda, 10.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrientzat hartzen den irizpidean. Horren arabera, Elkoroiribek 77.929 euroko soldata gordina izango du urtero. EUDELek Durango bezalako herrientzat markaturikoa (85.831 euro) baino baxuagoa izango da soldata. Era berean, gobernu taldetik azpimarratu dutenez, "alkateak Eusko Jaurlaritzako zuzendari izan zeneko soldata berari eutsiko dio". 

Ekainaren 17ko kargu hartzeak arte, aurreko gobernu taldearen agintaldian (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea) 8 liberatu zeuden udalbatzan. 6 gobernu taldeko alderdietan eta 2 oposizioko alderdietan. Oraingo gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) egindako proposamenaren arabera, berriz, gobernuko alderdietan 4 liberatu egongo dira, eta 3 oposizioko alderdietan. 7 liberatu guztira. Oposizioan dauden EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PPk liberatu bana izango lukete. Gobernu taldeak defendatu du eskuartean daukan liberazio sistema "bidezkoagoa" dela aurrekoaren aldean, eta "gastua kontrolatzeko helburua" daukala. Alde horretatik, EH Bilduk zabaldutako oharraren harira, esan dute ez dela egia soldatetara bideratutako gastua 300.000 euroan igoko denik. Gobernu taldeak azpimarratu duenez, liberazioetara bideratutako diru publikoa "27.897 euro baino ez da handituko".  

Datorren martitzenean, uztailaren 4an, osoko bilkura egingo dute soldatak eta dietak eztabaidatu eta onartzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!