Udal eta foru hauteskundeak

[BIDEOA] Mireia Elkoroiribe da Durangoko alkate berria, PSE-EEren eta PPren babesagaz

Anboto 2023ko eka. 17a, 09:57

EAJk alkatetza berreskuratu du azken legegintzaldia oposizioan egon ostean. Ima Garrastatxuk bere hautagaitza aurkeztu duen arren, ez du boterera iristeko beharrezko babesa lortu.

Durangoko kargua hartzeko ekitaldiak ikusmina eragin du. Hedabide asko batu da gaur goizean udalbatza aretoan. Alkatea aukeratzeko bozketan ez da sorpresarik egon. EAJk aste honetan zehar iragarri du PSE-EErekin akordioa lotua zuela, eta PPko Carlos Garciak sarritan errepikatu du hauteskunde kanpainan EH Bildu gobernutik ateratzea zuela helburu. Beraz, aurreikuspenak beteta, EAJko Mireia Elkoroiribe izango da Durangoko alkate berria, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. Alkate berriak Ima Garrastatxuren eskutik jaso du aginte makila.

Elkoroiribek “ohore handiagaz” hartu du kargu berria. Udal eraketa berria egin bitartean “adostasunaren bidetik” lan egitera deitu du. Legegintzaldia “arduraz” eta gainerako alderdiekin “batera” garatu gura du. “Hori da gure borondatea eta konpromisoa”, adierazi du alkate berriak. PSE-EEren eta PPren babesa eskertzeaz gainera, Herriaren Eskubidearekin izandako elkar ulertzea azpimarratu du. EH Bildurekin, “aurrera begira” elkar ulertzeko nahia agertu du Elkoroiribek. Era berean, EH Bildu eta Ima Garrastatxu zoriondu ditu udal hauteskundeak irabazteagatik.
 
Ima Garrastatxuk bere hautagaitza ere aurkeztu du. Legegintzaldi honetan landutako bide berean sakontzeko nahia agertu du bozketa egin aurreko hitz hartzean. “Periferiako auzoetara” zuzendutako proiektuak eta PERI Trenbidearen ordezko proiektua garatzea izan ditu hizpide. Bozketan, baina, ez du behar besteko babesa lortu alkatetzarekin egiteko. 11 boto jaso ditu Elkoroiribek eta 10 Garrastatxuk.,
 
“Desgobernua aldatzeko” botoa
 
Alderdi Popularreko Carlos Garciak kanpainan esandakoari heldu dio. Durangoko “desgobernua” aldatuko duela iragarri du bozketa hasi aurretik. Bera babestu duten durangarren alde egingo duela azaldu du. Elkoroiriberi buruz adierazi du “pertsona ona” dela, eta bere alde egingo duela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!