Udal eta foru hauteskundeak

Durangoko EAJk "PSE-EErekin bakarrik" gobernatuko duela iragarri du

Anboto 2023ko eka. 15a, 11:18

Jeltzaleek "ilusioa eta gogoa" agertu dituzte legegintzaldi berrirako.

Udal berriak eratzeko egun biren faltan, Durangoko EAJk PSE-EErekin batera gobernatuko duela iragarri du. Jakinarazpen hori udaletxean ordezkaritza lortu duten alderdi politiko guztiekin batu ostean egin dute. EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, bai jeltzaleak eta bai sozialistak "gobernu akordioa amaitzen" dabiltza momentu honetan. Alderdi bien artean "bakarrik" gobernatuko dutela ere zehaztu du EAJk.

Mireia Elkoroiribe alkategai jeltzaleak "Durangori egonkortasuna emateko eta Durangok etorkizun ilusionagarrirantz aurrera egiteko proiektuak" gauzatu gura ditu. Alde horretatik, negoziazio-bideak alderdi guztientzat "beti" zabalik egongo direla adierazi du, "durangarren bizi-kalitateak hobera egin dezan ideiak, proiektuak eta lana batu eta ekarpenak egin behar direlako".

Durangoko udal eraketa zapatuan egingo da, 9:00etan. "Espero dugu kargu-hartzea errespetuzkoa eta lasaia izatea, duela lau urte hauteskundeak irabazi arren gobernatzen ez genuenean egin zen bezala” gaineratu du Elkoroiribek. Aurreikuspenen arabera, Elkoroiribe izango da Durangoko alkate berria, PSE-EEren eta PPren babesarekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!