Udal eta foru hauteskundeak

[GUTUNA]: Alkate izan, baina zeren truke?

Aritz Bravo Zubillaga eta Mariam Bilbatua Perez, EH Bilduko zinegotzi ohiak 2023ko eka. 15a, 13:28

2019ko ekainaren 15ean Ima Garrastatxuk aginte-makila hartu zuen eta aldaketaren gobernuari hasiera eman zion. Legegintzaldia pasatuta, hauteskundeak berriz. Emaitza argiak eta historikoak: EH Bilduk gora nabarmen, eta lehenengo indarra; EAJk behera, aurrenekoz galduz.

Eszenatokia, ordea, estua. Eta PPk, VOXek bere hautagaitza lagata, zinegotzia atera zuen, Bilbotik etorritako hautagai ultra batekin.

Egoera honen aurrean bi aukera ditu EAJk: herritarrek emandako bigarren postua onartu eta autokritika egin edo ultraeskuinari eskutik oratuta herritarrek horren ongi baloratu duten gobernua eta alkatea kendu.

Bakoitzaren posizio edo ideiak direnak izanda ere, berri txarra izango litzateke durangarrontzat bigarrenaren aldeko hautua egitea EAJk eta Mireia Elkoroiribek. Alde batetik, beraiek onartu dutelako ez dutela proposamenetan adostasun punturik apenas eskuin muturrarekin.

Eta bestetik, ardura handiz ikusten dugulako hemen eta Euskal Herritik kanpo eskuin muturrari nola zabaltzen zaizkion ateak. Durangoko gobernuaren giltza horrelako alderdien esku uzteak zer ondorio izango ditu? Nola eragingo du memoriaren alorrean gure herria bonbardatu zutenen ondorengoei erabakitzeko boterea emateak? Nola eragingo du euskararen normalizazioan? Nola eskuratzea horrenbeste kostatu den emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboen aurrerapausoetan? 

“Deabruari arima saldu” espresioa erabiltzen da norbait onura pertsonal bat lortzearren edozer egiteko prest dagoenean. Kasu honetan, alkate izatearren gure herriaren gaineko erabakimena eskuin muturrari emateko prest legoke Mireia Elkoroiribe. Akats historikoa litzateke, eta atzerapauso handia Durangorentzat.

Aritz Bravo Zubillaga eta Mariam Bilbatua Perez, EH Bilduko zinegotzi ohiak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!