Zapatuan udalbatza berrietako kargu hartzeak egingo dituzte. Durangoren kasuan, 09:00etan izango den plenoan hurrengo agintaldian gobernuan izango diren alderdiak erabakiko dira. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan EH Bilduk boto gehien lortu zituen arren, EAJk gobernua berreskuratu dezake PSE-EEren eta PPren babesagaz.
Testuinguru horretan, EH Bilduk proposamena helarazi die PSE-EEri eta Herriaren Eskubideari. “Lehen indarra garenez, EAJrekin, PSE-EErekin bilera ez formal batean eta Herriaren Eskubidearekin bildu gara, denen proiektu eta proposamenak entzun, eta gureak partekatzeko”, azaldu du koalizio subiranistak. Proposamen horren erdigunean trenbide zaharreko lursailean garatuko den proiektua jarri dute, PERI izenagaz ezaguna dena.
“EAJko zinegotziekin hauteskundeen ostean egindako batzarrean, zera adierazi ziguten: trenaren lursailetan bost dorreen PERI proiektu zaharrera bueltatzea nahi dutela, herritarrek proiektu hori atzera botatzea erabaki zuten arren. Baina hori zela beraientzako marra gorria. Gure ustez, durangarrek ez lukete ulertuko berriz ere iraganera itzultzea, hau da, inork bozkatu ez duen bost dorreen proiektura itzultzea.
Ildo horretatik, 2021ean bost etxe dorreen proiektuaren inguruan egindako galdeketaren emaitzak gogora ekarri dituzte. Botoa eman zutenen %94a proiektu horren kontra egon zen. “Guk badugu aurrera begirako soluzioa, eta gauzatzea posible da”, azaldu du EH Bilduk. Eusko Jaurlaritzagaz adostutako proiektua gogora ekarri dute. “Parkearen eta eremu berdearen tamaina handitzea; etxebizitza kopurua gutxitzea eta etekin ekonomikoak helburu sozialetara bideratzea lortu genuen”. Akordio horren alde egin dutela EH Bilduk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak gogoratu du koalizio subiranistak. Horren aurrean, EH Bildutik “akordio zabal eta aurrerakoia” proposatu die PSE-EEri eta Herriaren Eskubideari, “PERI proiektu berria erdigunean jarrita”.
Zapatuko gobernu eraketari begira bi aukera daudela dio Ima Garrastatxuren alderdiak: “EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidearen arteko akordio aurrerakoi zabala ala PPren menpeko aliantza eskumatarra”, dio EH Bilduk.