Elkarretaratzea egingo du Kuir Eztandak LGTBIQ+ kolektiboak jasaten duen diskriminazioa salatzeko

Anboto 2023ko mai. 15a, 10:42
Kuir Eztandako kideak

Elkarretaratzea Durangon egingo dute, maiatzaren 17an, LGBTIQ+ fobiaren aurkako egunean, 19:30ean, Andra Mariko elizpean. 

Besteak beste, LGTBIQ+ kolektiboak arte adierazpenetan jasaten duen diskriminazioa eta iruditegia eraikitzen laguntzeko hauek duten garrantzia nabarmendu du Kuir Eztandak ohar baten bidez. " Gizarte honetara jaiotzen garenetik, guztiori irakasten zaigu badaudela onargarriak diren egoteko eta izateko era batzuk, itxura eta praktika batzuk, eta onargarriak ez diren beste batzuk. Lehenengo horiek dira arte adierazpen eta komunikabide normatiboek ordezkatzen dituztenak eta desiragarritzat jotzen dituztenak. Ondorioz, horiek baino ez jasotzeak norma horretan deseroso sentitzen diren gorputzak bakartzen ditu; izan ere, haien izatea ukatu eta deserosotasun horren erantzukizuna norbere buruaren gain jartzen dute. "Kolektibo horien errealitateei erantzuten dieten edukiak eskuragarri egotea, beraz, ezinbestekoa da, guztiok hurbil izan ditzagun ordezkatzen gaituzten diskurtso eta fikzioak, ez dezagun sentitu gure errealitatea okerra dela, gu garela zerbait oker egiten ari garenak. Ezinbestekoa da, gainera, herrian bertan topatzea eduki hauek, ez gaitezen haien bila aritu behar, bertatik bertara bizi dugun errealitatearen parte direla (eta, beraz, garela) argi gera dadin". Horregatik, LGTBIQ+ kolektiboa kontutan hartuko duen eta bozgorailua emango dien adierazpenen aldeko mezua zabaldu dute. "LGTBIQ+ istorioak nahi ditugu, baina ez kuirtasuna gai nagusitzat dutenak bakarrik, ezpada zehar-lerro bilakatzen dutenak, LGTBIQ+ komunitateko kideen bizipenak poliedrikoak eta beste edozeinenak bezain unibertsalak izan daitezkeela erakusten dutenak. Proposamen horiei bozgorailua ematen dieten arte adierazpenak behar ditugu Durangon: Antzerkian, Museoan, Zineman, Musikan, Emakumeen etxean edo Bibliotekan. Gure identitatearen eraikuntza-prozesu aske bat ahalbidetzen duten iruditegiak bermatu behar ditugu. Jendartean sinbolikoki existitzeko mila modu daude. Horien baitan, ez ditugu kultura normatiboek bestetasunetik eraikitzen dituzten istorioak nahi, gure kolektiboa barnebilduko duen kultura bat nahi dugu Durangon

Kuir Eztanda kolektiboa iazko udazkenean jaio zen, "jai giroan kolektiboarentzako espazio seguruak eta plazerez beteak sortzeko asmoagaz". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!