“Existitzen garela komunikatzeko eta herritarrek gu ikusteko beharrizana dago”

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 15a, 10:30

Gurdi bat musika ekipo batekin, eta armairu ibiltari erraldoi bat kalean zehar. Gutxi gorabehera hori izango da Kuir Eztandak arratsalde honetan egingo duen Karrpoteo transmaribibolloaren oinarria. LGTBIQ+ komunitatea saretzeko deia egin dute, "nagusiki heterosexuala den jai giroan bestelako hartu-emanak lantzea ere posible dela erakusteko". Karropoteoa 18:00etan hasiko da Pinondotik. 

Zertarako sortu duzue Kuir Eztanda?
Gorka Madrazo Ortuzar: Durangar batzuen beharrizanetatik sorturiko taldea da. Transmaribibolloak garenon artean askotan komentatu dugu batzeko, saretzeko, espazio bat falta izan dugula. Eta ez jaietan bakarrik. Ekainaren 28an, adibidez, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, hainbat egitasmo egiten da gure borrokari eta aisialdiari begira, baina ez gara identifikatuta sentitu. Horren beharrizana genuen. Eta halantxik, batak besteari whatsapp mezuak idatzita hasi ginen saretzen. Domeketan batzen gara. Durangoko jaietan gune bat eta erreferentzia bat sortu gura dugu gure komunitateko kideentzat zein armairuan daudenentzat.

Hain zuzen ere, zuen adierazpenean diozue bigarren mailan egondako Durango begien aurrean ipintzera zoaztela. 
G.M.O.: Gu ez gaude arau zisheterosexualak markatzen duenaren barruan. Hortik kanpora gaude. Guk gure lekua daukagu Durangon. Ez dugu sexiliora Bilbora edo Madrilera joan gura, herrian gure lekua izan gura dugu. Alde horretatik, gugaz identifikatuta sentitzen den edonork gugana etortzeko aukera du, espazio hori elkarregaz bilatzeko. Araua apurtzera gatoz. Jendeak ikusi behar du Durango ez dela heteroa bakarrik.

Zelakoa da LGTBIQ+ komunitateak Durangon bizi duen egoera eta ikusgaitasun maila?
G.M.O.: Komunitatea egon badago. Oso lasai bizi gara, ez dago arazo nabarmenik. Baina, aldi berean, tabuak hor jarraitzen du. Armairu asko dago, herritar asko ezkutuan dago. Bestalde, elkarregaz saretzea ere falta zaigu. Gure artean elkar ondo ezagutzen dugu, baina saretzea eta geurea ikusgai egitea falta zaigu.  
Elena Olabe Duñabeitia: Existitzen garela komunikatzeko eta herritarrek gu ikusteko beharrizana dago. Jaietan, adibidez, ezinbestekoa da presentzia hori. Dena dela, LGTBIQ+ komunitateak leku guztietan dauka espazioak konkistatzeko beharrizana.

Kuir Eztandak Durangoko jaietan egingo du bere lehenengo ekintza: Karropoteo transmaribibolloa. Zelako ekintza izango da?
Julene Conde Agirre: Gurdi bat hartuta, eta musika aparatu bat lagun, tabernarik taberna egingo dugun poteoa izango da. 40 bat lagunek erakutsi dugu hau egiteko interesa. 
E.O.D: Bai. Dena dela, ekintza jendetsua izatea gura dugu. Herritar heterosexualak ere agertzea gura genuke. Helburua queer komunitatea ikusaraztea izango da, heteroarauak agintzen duen eremuetan gu ere existitzen garela aldarrikatzea. Bagaudela esan behar ez izatea.

Zuen aurkezpen adierazpenean esan zenuten errotzeko etorri zaretela.
E.O.D.: Jaietan eztanda egingo dugu. Taldeak ez du izen finkorik oraingoz. Kuir Eztanda ekintzaren izena da. Baina eztanda horren ondoren ibilbidea egiten hasi gura dugu.
J.C.A. : Jendearengana ailegatzeko modu bat da. Jende bati babesa eskaini gura diogu.

Bota gonbidapena: zergaitik parte hartu behar dute herritarrek Karropoteo Transmaribibolloan?
G.M.O.: Primeran pasatuko dugulako!
E.O.D.: Jai giroa beste era batera gozatzeko eta nagusiki heterosexuala den jai giroan bestelako hartu-emanak lantzea ere posible dela erakusteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!