Tabirako Baqueko emakumeen taldeek Lauko Finalak jokatu dituzte asteburuan

Anboto 2023ko mai. 15a, 10:54
Behean ezkerrean: Tabirako Baqueko talde nagusia. Gainerakoak: Erregonal Bereziko taldea (Argazkia: Tabirako eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioa)

Ligetan egindako lan bikainari esker, Tabirako Baqueko emakumeen bi talde nagusiek Lauko Finalak jokatu dituzte asteburuan. Bizkaiko Erregional Bereziko taldea azpitxapeldun geratu da eta Emakumezkoen Lehenengo Mailakoak ezin izan du lehenengo kanporaketa gainditu.

Bizkaiko Erregional Bereziko taldea ligako 26 partiduetatik 20 irabazita sailkatu zen asteburuko Lauko Finalera. Begonazpi izan zuen aurkari finalerdietan, zapatuan. Ligan euren kontrako partidu biak galdu arren, Lauko Finalean gehiago izan ziren durangarrak: 73-65. Talde osoaren lan onaren barruan, azpimarratzekoa da Mireia Elexperen ekarpena 22 punturekin. Domekako finalean Askartza liderraren kontra neurtu zituzten indarrak. Atsedenaldira arte partidu orekatua jokatu zuten (26-20), baina bigarrenean gehiago izan zen Askartza. Finala galdu izanak ez du Iker Añonek entrenatutako taldearen denboraldia lausotzen. Harro egoteko moduko denboraldia osatu dute Tabirakoko jokalariek: Laura Elexpe, Mireia Elexpe, Irati Varas, Elene Sarasua, Izaro Sarasua, Ane Sagarna, Iraia Irusta, Nerea Falcon, Elisa Castro, June Perez, Leire Barrenetxea, Elena Castellanos eta Katalin Magunazelaiak.

Emakumezkoen Lehenengo Mailako taldeak, berriz, galdu egin zuen finalerdietan, Lauko Finaleko lehenengo partiduan: 52-66 La Salle taldearen kontra. Lehenengo hiru laurdenetan pare-parean aritu ziren talde biak (13-17 / 32-30 / 42-44), baina azkenengoan inspiratuago ibili ziren La Salleko jokalariak. Durangarren partetik, nabarmentzekoa da Miren Arinen eta Naia Sarasuaren lana, 19 eta 11 punturekin, hurrenez hurren. Nagusien kasuan ere, Tabirakok lan bikaina egin du denboraldia bere osotasunean hartuta. Lesio garrantzitsuek ez diote taldearen ibilbideari eragin, eta, esperientzia eta gaztetasuna uztartuta —Fatou Sane eta Udane Urain juniorren laguntzarekin— goiko postuetan ibili dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!