Tabirako Baquek Emakumezkoen Lehen Mailako lauko finala du asteburuan

Anboto 2023ko mai. 11a, 17:00
Tabirako Baqueren aurtengo jokalariak eta entrenatzaileak. LUIS ITURRIOZ.

Orain arte lorturikoa ez da makala, baina gehiago lortzeko aukera dute Tabirako Baqueko emakumeek. Asteburuan Emakumezkoen Lehenengo Mailako Lauko Finala jokatuko dute, Gasteizen.

Zapatuko final-aurrekoan La Salleren kontra neurtuko dituzte indarrak, eta, irabaziz gero, final handiko protagonistetariko bat izango dira domekan. Tabirako Baquek 2019an parte hartu zuen azkenengoz Lauko Final batean. Orduan ere La Salleren kontra jokatu zuten finalerdia. Ordukoan galdu egin zuten. Patuak berriro ere aurrez aurre ipini ditu talde biak.

Jokalari biren agurra
Durangarrak joko puntu onean helduko dira hitzordu garrantzitsura, ligako azken partiduan Mondragon Unibertsitatea 70-61 menderatuta. Partidu hura berezia izan zen, beste arrazoi batengaitik ere: Mirari Aldekoak eta Olatz Garitaonandiak saskibaloia utziko dute eta azken partidua jokatu zuten zaleen aurrean. Biak harrobiko jokalariak izan dira eta txikitatik Tabirakoren kamiseta jantzi dute. Garaitaonandiak etxean egin du ibilbide osoa eta Aldekoak ere bai, iaz Ibaizabal taldeagaz Espainiako LF2 mailan eman zuen urtea kenduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!