Lorpen horien harira, Durangoko Udalak harrera egin dio gaur udaletxean. Ekitaldi xumea, baina "bihotzetik irtendakoa" dela adierazi du Ima Garrastatxu alkateak. "Pentsa guretzako zer garrantzitsua den Durangoren izena munduan zabaltzea eta herrira horrelako lorpenak ekartzea. Zorionak!", esan du. Julian Rios alkateordeak, berriz, udalak horrelako lorpenak balorean jartzearen garrantzia azpimarratu du eta etorkizunari begira zorte hona opatu dio. "Beso zabalik zorionak ematen dizkizugu eta lorpen gehiago etor daitezela!".
Mugarra Triatloi Taldeko kirolari durangarra esker oneko agertu da. "Eskerrak adierazi nahi ditut. Niretzat ohore bat da harrera hau jasotzea. Eskerrak baita nire inguruko jende guztiari eta Mugarra Triatloi Taldeari euren laguntzagaitik", adierazi du.
Urrezko domina biak
Urrezko domina biak Ibizan (Balear Uharteak, Espainia) lehiatutako txapelketetan eskuratu ditu. Joan zen eguaztenean amateurren mendiko duatloien opena irabazi zuen bere adin tartean. Egun bi geroago triatloietan errepikatu zuen lorpena. Igeriketa ez da bere espezialitatea, baina "dezentean" aritu zela dio. Liderrarengandik minutu bi ingurura irten zen uretatik. "Bizikletako zirkuitu baten berreskuratu daitekeen denbora zen", gogoratu du. Bizikletako tartea ondo ezagutzen zuen egun bi lehenago duatloian egindako bera zelako. "Banekien non sakatu eta non indarrak gorde eta hori lagungarria izan zitzaidan", baloratu du. Bizikletan bikain aritu zen eta duatloian baino bost minutu gutxiago behar izan zituen tartea egiteko. Atzetik aurrerako bidea egin, 13. kilometroan lider zihoana harrapatu, atzean utzi eta bakarrik geratu zen lasterketa buruan. Sentsazio "oso onak" izan zituela onartu du. Azkenik, korrikako sei kilometroetan "erritmo eroso bat" mantenduta eta "indarrak ondo" kudeatuta bakarrik heldu zen helmugara.