Paul Bereziartua munduko txapeldun geratu da mendiko duatloien openean eta bere adin tartean

Anboto 2023ko mai. 4a, 15:01

Paul Bereziartua irabazitako dominarekin. (Argazkia: Mugarra Triatloi Taldea)

20-24 urte arteko mailan txapeldun geratzeaz gainera, sailkapen orokorrean hirugarren izan da Mugarra Triatloi Taldeko durangarra.

Egunotan duatloien eta triatloien askotariko diziplinetako munduko txapelketak lehiatzen ari dira Ibizan (Balear Uharteak, Espainia). Diziplina bakoitzean mota bitako probak daude: profesionalenak eta amateurrentzako openak. Paul Bereziartua (2000, Durango) bigarren horretan aritu zen atzo, mendiko duatloien openean. 20-24 urte arteko mailan munduko txapeldun geratu zen eta sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren.

Ibizako San Antonio herriaren inguruko mendietan lehiatu zuen proba honako distantzia honetan: 6 kilometro korrika, 22 mendiko bizikletan eta beste hiru kilometro korrika. Bereziartuak honela kontatu du lasterketa zelan joan zen. "Korrika ondo ibili nintzen. Lehenengo trantsiziora bost batera heldu ginen. Bizikletan lehenengo biek aurrerantz egin zuten. Oso indartsu zihoazen eta sailkapen orokorrean eurak geratu ziren lehenengo. Laugarrena eta bosgarrena, berriz, atzerago geratu ziren eta bizikletako tarte osoa bakarrik egin nuen. Gustura aritu nintzen, erritmo onean eta azkenengo korrikaldirako indar apur bat gordetzen. Horrela heldu nintzen azken trantsiziora. Aurrekoak minutu batera nituen eta atzekoak beste minutu batera. Aurrekoak ezin nituen harrapatu eta atzekoekiko tarte polita nuen. Beraz, intentsitateari eutsiz, gozatzea lortu nuen", adierazi du 22 urteko durangarrak.

Aurreko egunetan entrenamendu saioak eginda zituen tokian bertan eta bazekien ibilbidea aproposa zela bere dohaientzako. "Zirkuitu teknikoa eta motela izan da bizikletan. Gorabehera eta bihurgune askokoa. Hori niretzako abantaila bat zen. Holako zirkuitu batean emaitza hona lortu nezakeela pentsatzen hasi nintzen, nire dohaietara ondo egokitzen zelako. Nire adin tartean aurrean ibili nintekeela ikusten nuen, baina ez nuena espero da open orokorrean hirugarren geratzea. Horixe izan da sorpresa, batez ere".

Datozen egunetan Mugarra Triatloi Taldeko beste kirolari batzuk ibiliko dira lehian. Paul Bereziartuak mendiko triatloi kroseko openean parte hartuko du barikuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!