Durangoko EAJren berbetan, gobernu taldeak "uko" egin dio mozio bat plenoko gai-ordenean erregistratzeari. Jeltzaleek horri buruzko azalpenak eman dituzte goiz honetan egindako agerraldian. Orain, baina, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, erantzun egin diete EAJren kritikari. "Polemika antzuak eta konfrontazioa" alde batera uzteko eskatu diete: "Politikan denak ez du balio, eta herritarrei iruzur egiten saiatzea, moziorik aurkezten utzi ez diegunaren aitzakian, ez da onargarria", esan dute ohar batean.
EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak azaldu dutenez, EAJk joan zen barikuan, "10:30etan", erregistratu zuen Gaitasun Handiko Osasun Zentroari buruzko mozioa, osoko bilkurarako deialdia "jada eginda zegoenean". Epea agortuta zegoela eta, udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek diote EAJri mozioa "urgentziazko mozio" lez tratatzeko aukera eskaini ziotela. Eskaintza hori "asteleheneko bozeramaileen batzordean" egin zietela zehaztu dute.
"Aurreko legegintzaldian, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak paurkeztu eta onartu zuten parte-hartze araudiari esker, herritarrek osoko bilkuretan parte hartzeko eta mozioak egiteko aukera izan zuten. Beraz, gaur egun parte-hartze ezaren inguruko akusazioak guztiz zentzugabeak direla deritzogu", azaldu dute udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek.
Osasun azpiegiturei dagokienez, alderdi biek gaineratu dute "beti" defendatu dituztela "Durangok eta Durangaldeak osasun sistema publikoan behar dituzten hobekuntzak". Alde horretatik, osasun zentroek "medikuak, erizainak, pediatrak, espezialista gehiago eta anbulantzia medikalizatua" behar dituztela azpimarratu dute: "Lehen Mailako arreta oso murritza da, eta gainezka dago", bukatu dute.