Durangoko EAJk Gaitasun Handiko Osasun Zentroari buruzko mozio bat eraman gura izan du bihar udaletxean egitekoa den plenora; baina jeltzaleen arabera, gobernu taldeak "uko" egin dio testua gai-ordenean txertatzeari. "Gobernu taldeak guganako duen errespetu falta, gardentasun falta eta demokrazia eza salatu gura ditugu. Are gehiago kasu honetan, hain garrantzitsua dela deritzogun osasun zentroaren bilakaerari oztopoak ipintzen zaizkiolako", azaldu du Izaskun Urien Durangoko Uri Buru Batzarreko presidenteak.
Jeltzaleak egoerarekin "nekatuta" eta "higuinduta" daude, diotenez, legegintzaldian zehar "askotan urratu" zaizkielako "zinegotzi gisa dituzten eskubideak". "Eztabaidetan, guri buruzko aipamenak egon izan direnean, ez digute erantzunik ematen utzi. Alkateak, berriz, berari buruzko aipamenak egin izan direnean, bai, berba hartu izan du. Bestalde, gai-ordenean txertatzea hainbat bider ukatu digute. Hori gertatu zen otsaileko plenoan, ekitaldi jendetsu bati buruzko mozioa erregistratu gura izan genuenean. Berdin 2020ko azaroko plenoan, eta baita 2021eko irailean ere", azaldu du Josune Escotak. Era berean, EAJko kideei barik, bestelako eragileei ere mozioak sartzea "ukatu" zaiela esan du zinegotziak: "Durango Kirolak-en greban dauden langileei ukatu egin diete pleno honetan mozioa sartzeko aukera", jakinarazi du.
"Dezepzio handia"
Mireia Elkoroiribe bozeramaileak honela azaldu du gobernu-taldeak mozioa ez txertatzeko emandako azalpena: "Mozioa gai-ordenean sartzeko eskaera barikuan erregistratu genuen, 10:08etan. Baina bozeramaileen batzordea egin genuenean, gobernu-taldeko kideek erantzun ziguten gai-ordena jada zarratuta zegoela guk mozioa erregistratu genuen ordurako", azaldu du. "Dezepzio handia izan dugu, gai-ordenak eguerdi aldean finkatu ohi direlako, eta badakigulako hainbat bider txertatu direla gai-ordenean 13:00ak baino beranduago erregistratutako mozioak", gaineratu du. Adibide modura 2021eko iraileko plenoa ipini dute. Elkoroiribek zehaztu du hiru mozio erregistratu zirela 13:00etatik 14:00etara. "Gaitasun Handiko Osasun Zentroa errealitate bihurtzeko modu bakarra gobernuan EAJ egotea" dela esan du Elkoroiribek.