Eskalada eta raftinga, nerabeei begira Alpinok antolatutako hurrengo ekintzak

Anboto 2023ko api. 24a, 10:16

Maiatzeko lehenengo asteburu bietan izango dira.

Alpino Tabira mendi kluba nerabeengana heltzeko lanketa berezi bat egiten hasi zen iaz. Hainbat ekintza antolatu zituzten eurentzat propio. Aurten bide horretan sakontzen jarraituko dute eta maiatzeko bi irteerak dira horren adibide. Biak 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta daude.

Maiatzaren 7an eskalada eta rappela praktikatuko dituzte Zuian (Araba) Oro Santutegiaren inguruko haitzetan. Hango hainbat ibilbide probatuko dituzte gidari profesionalen laguntzagaz. Rappela ere egingo dute, hormetatik sokak erabiliz bajatzen ikasteko. Izen-ematea internet bidez egin daiteke; baita Alpinok Durangoko Goienkalen duen bulegoan ere maiatzaren 2an, 19:00etatik 19:30era. Prezioa 20 euro da bazkideentzat eta 50 euro bazkide ez direnentzat.

Haitzetatik uretara. Maiatzaren 12tik 14ra raftinga eta arroilen jaitsiera egitera joango dira Ainsara (Aragoi). Barikuan Morillo de Tourantzan —Ainsatik gertu— emango dute gaua. Hurrengo egunean hiru orduko rafting saioa egingo dute eta domekan Ainsa inguruko arroila bat jaitsiko dute. Izen-ematea maiatzaren 9an, 19:00etatik 19:30era egin daiteke Alpinoren bulegoan. Asteburu pasa 150 euro da bazkideentzat eta 225 euro bazkide ez direnentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!