Alpino Tabira mendi taldeak sei irteera antolatu ditu nerabeak mendira eta naturara erakartzeko

Joseba Derteano 2022ko ots. 13a, 10:20

Aurten, Durangoko Alpino Tabira mendi klubak beste pauso bat emango du gazteen artean mendirako eta, orokorrean, naturarako zaletasuna sustatzeko. 2017tik hona, 12 urtera arteko haurrak dituzten familientzat antolatu dituzte irteerak. Orain, nerabeengana heldu gura dute, 12tik 17 urtera arteko gazteengana, eta eurentzat antolaturiko ekintza sorta prestatu dute. Horrela, aurten behintzat, adin tarte guztiek beren-beregi eurentzat bideraturiko ekintza sorta izango dute Alpinon. Nerabeei bideraturiko egutegiaren aurkezpena otsailaren 17ko eguenean egingo dute, 19:00etan, Alpinoren Durangoko egoitzan.

Beste mendi talde askotan lez, Alpinon ere belaunaldien arteko erreleboa "falta" da; hau da, "ez dago gazterik" eta kezka hori akuilu lez erabili dute Alpinoko kidea den Sergio Aritzederraren esanetan.

Familientzat antolatzen dituzten irteeretan konturatu dira 12 urtetik gorako gazteek, normalean, ez dutela "gurasoekin ibili gura". Beraz, horixe da nerabeen gustuetara egokituriko ekintzen ezaugarri bat: lagun artean eta gurasorik barik egiteko modukoak dira. Baina hori bakarrik ez da nahikoa mendizaletasuna sustatzeko. "Mendirako irteerekin bakarrik ez dugu lortuko", uste du Aritzederrak. Horregaitik, ekintzei "adrenalina apur bat" gehitzen eta "erakargarriago" egiten ahalegindu dira: eskalada saioak, rapela, arroka-jaitsierak, mendiko orientazio saioak… eginez. Ekintzetan aditua den enpresa bat kontratatu dute eta eurekin eta Alpinoko kideekin ibiliko dira gazteak. "Kontua ez da gazteak enpresako lagunekin bidaltzea bakarrik. Ez, Alpinoko kideak ere hor egongo gara irteera guztietan", dio Aritzederrak. Batez ere, Alpinoko bazkideei bideraturiko ekintzak izango dira. Horrela, bazkideek "lehentasuna" izango dute taldeak osatzerakoan. Bazkideentzat "oso ekintza merkeak" izango dira eta, ildo horretatik, herritarrak Alpinoko bazkide egitera deitu dituzte. Bazkide egitea 40 euro da; eta lehenengo urtetik aurrera, 20 euro da urteroko kuota.

Gainera, ekintzak heziketarako erreminta lez ere baliatu gura dituzte, "balioak eta ohitura onak" sustatzeko. 

Egitaraua
Sei irteera antolatu dituzte, bat hileko. Martxoaren 19 eta 20rako, Kantabriako Alto Campoo eski estaziora joango dira, neguko erraketekin ibiltzera eta teknika ikastera. Apirilaren 2an eta 3an Urkiolara joango dira, orientaziorako nozioak jasotzera —iparrorratza erabiltzera, mapak irakurtzera…— eta larrialdiko aterpe bat zelan egin ikastera, besteak beste.

Maiatzaren 15ean Eginoko (Araba) eskalada eskolan ibiliko dira; eskalatzen eta rapela egiten ikasiko dute. Teknika horiek ekainaren 5eko eta irailaren 11ko irteeretan ere ipini ahalko dituzte praktikan, arroilak jaisten ibiliko dira-eta Araban: Aguaquen eta Lezen, hurrenez hurren.

Azkenik, urriaren 9an Kantabria eta Burgos (Gaztela eta Leon) artean dagoen Lunada mendia igoko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!