DAFAk "indar guztia" eta "elkartasun osoa" adierazi dizkio joan zen eguenean erasoa jaso zuen emakumeari. "Hemen gaude", esan dute hedabideetara bidalitako oharrean. "Urteak daramakizkigu antolatuta, indarkeria matxistei aurre egiteko lanean. Eta gertakari honen aurrean ebidentziaz betetako galdera erantzun bat darabilgu buruan: Marra gorriak zeintzuk diren erakutsi beharra dago oraindik?", galdetu dute. "Nahikoa da!".
DAFAk herritarrak deitu ditu "hamaika forma hartzen dituen indarkeria matxistari aurre egin eta indarkeriarik gabeko bizitzen alde tinko" egitera. "Erasoen kontra egotea beharrezkoa da, baina, kolektiboa norbanako ardurez betetzea, aldiz, ezinbestekoa", azaldu dute oharrean. Azkenik, autodefentsa feministarekin erantzuten jarraituko dutela eta kaleak zein gaua emakumeenak ere badirela aldarrikatzen jarraituko dutela gaineratu dute.