Negar malkoek eta hunkidurak Andra Mariko elizpea hartu dute arratsalde honetan. Gerediaga elkarteak eta Krisktin dantza taldeak 1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketak oroitzeko ekitaldia egin dute. Une hunkigarriak hainbat izan dira ekitaldian zehar, baina ororen gainetik keinu batek kanporatu ditu bertan baturikoen malkoak. Gerediaga elkarteko Nerea Mujika presidenteak Juan Uriberi lore-sorta eman dion uneak, hain zuzen. Uribe Durangoko bonbardaketaren bizirauleetako bat da. 10 urte zituen sarraskia gertatu zenean, eta ordutik 86 urte igaro diren arren, ondo gogoan ditu bere begiekin ikusitakoak. AItarekin zebilen goldaketan lanean, hegazkin faxistak Elorrio aldetik sartu eta herria bonbardatu zutenean.
Ekitaldia Kriskitin dantza taldeak ireki du eta Leire Mendiburu izan da hitza hartzen lehena. Mendiburuk Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarraren Herioren hegala liburuko pasarte bat irakurri du. Joseba Sarrionandiaren Durango 1937 testua barnebiltzen duen atala. Ekitaldia gidatzeko lanak Kattalin Garaita kazetariak egin ditu eta Bogoroditsie abesbatza oholtza gainera igo da kantu bat interpretatzera. Bukaera aldera, Nerea Mujikak lore sorta eskaini dio Juan Uriberi, eta Kriskitin dantza taldeko kideek ohorezko aurreskua eskaini diote.
Duela 86 urte
Gaurko egunez, Italiako abiazio faxistak Durango eta Elorrio bonbardatu zituen. Durangon merkatu eguna zen. Baserritarrak Andra Mariko elizpean batuta zeuden salerosketa lanetan. Eliza barruan meza zegoen, eta Jesuiten San Jose elizan ere, beste horrenbeste. Goizeko 8:30ak aldera, hiru bat minutu iraun zituen aire erasoan, hegazkinek 280 bat bonba bota zituzten zerutik. 205 etxe erraustu zituzten. Ehunka hildako eragin. Arratsaldeko 17:45ak aldera bigarren erasoa egin zuten. Goizeko bonbardaketa zela eta, senideak bilatzen edo hilerrira bidean zihoazen durangarrei egin zieten eraso. Bonba gehiago jaurti eta herritarrak ametrailatu zituzten hegazkinetatik. Gerora, apirila aldera, bonbardaketa gehiago egon zen, baina Martxoaren 31koa izan zen sarraski gehien eragin zuena.