Juan Uribek argi gogoratzen du 1937ko Martxoaren 31n Durangon gertaturikoa. 10 urte zituen arren, egun hartako detaile guztiak ondo gordeta ditu memorian.
Zelan gogoratzen duzu bonbardaketaren eguna?
Cornelioren txaletean egon nintzen, gaur egun ertzain etxea dagoen lekuan, aitagaz soloan goldaketan, bertan patata ereiteko gero. Aireplanoaren zarata entzun eta gora begiratu nuen. Aitari esan nion paperak botatzen zebiltzala, baina aitak esan zidan bonbak zirela. Arineketan arbola azpietan ezkutatu ginen, eta bin-baun hasi ziren bonbak. Behiak hartu eta etxera joateko esan zidan aitak. Nire arreba Feliren bila joan zen. Harek 9 urte zituen. San Roketik Durangora esnea ekartzen zuen, bezeroei eramateko. Bitarte horretan, sasoi hartan, ez zegoen etxerik. Etxera bidean, behiekin Kurutziaga hotelaren ingurura joan nintzen. Hildakoak ikusten hasi nintzen. Komentu kaletik aurrera joan nintzen, eta Zeharkaletik. Ni arin eta behiak arinago. Aita etxera etorri zen, hilerritik zetorren. Arrebaren abrigo berdina zeukan neskato baten gorpua ikusi zuen. Baina ile beltza zuen, eta arreba rubia zen. Oraindino ez zen etxeratu. Berriro joan zen hilerrira, arreba han zegoen ikustera. Bien bitartean, arreba etxera etorri zen. Miliziano batzuek aterpe baten sartu zuten, eta hantxe eduki zuten eurek etxera joateko agindu arte. Andra Maria inguruan dena kea ikusten zen. Arratsaldean metrailadoreekin etorri ziren. Zuloa zen dena. Zanga artean sartu nintzen. Bat edo bi hil zituzten.
Eta hurrengo egunean zer egin zenuten?
Biharamunean Oromiñora eraman ninduten, amama eta osabak han nituen eta. Handik bueltan, erreketeak kainonazoka hasi ziren estazioan. Tren bat prest zegoen eta hara sartu nintzen. Bilbon bajatu nintzen. Soldadu batzuek ezagutu egin ninduten. Egun bi geroago aita bila etorri zen. Ordurako Karrantzan zeuden errefuxiatuta. Handik Torrelavegara joan ginen.
Bueltan zer topatu zenuten?
Oromiñoko amama Bustintzako etxea zaintzen zegoen, bestela etxea galduko genuen. Guk ereinda utzitako patata apurrak batuta zituen. Sasoi latza zen. Geroago, zapatuko plaza egun baten paliza handia eman zidaten euskaraz berba egitearren.
Zuen aita kartzelan egon zen.
Aita gudaria zen. Kartzelara eraman zuten, Karmelora. Astean kamioi bete lagun fusilatzen zuten eta bera ere hori noiz gertatuko zain zegoen. Hilerriko fusilamenduetan parte hartu izana leporatzen zioten. Baina egun hartan San Frantziskoko mojekin egon zen, inausketa lanetan, eta ez zuen zerikusirik izan. Mojek Madrileko abokatuak bidali zizkioten eta epaiketa egin zioten. Akusazioa ez zen agertu eta epaiketa egin barik libre geratu zen. Alboko baserriko karlista bat izan zen salaketa ipini ziona.