Atzerritarrak Durangaldean

“Durangon 50 nazionalitatetik gora dago; gutxi izango dira horrelako aniztasuna duten herriak”

Anboto 2023ko api. 5a, 09:15

TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak eta EITBk Saretzen proiektua ipini zuten martxan udazkenean, elkarregaz datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Honako hau elkarlan horren bigarren atala da. Erakunde biek migrazio mugimenduei buruzko kazetaritza lanak kaleratuko dituzte egunotan. ANBOTOk eskualdeko herriburutik ekin dio lanari, Durangotik. Bertako Immigrazio teknikaria den Verónica Redondo Gurrutxaga (Bilbo, 1975) elkarrizketatu dugu gugaz bizitzera etorritakoen berri izateko. 

Azken urteei erreparatuta, Durangoko migrazio mugimenduek erakusten dute joera aldaketarik?
Nikaragua herrialde emergentea da migrazio mugimenduei dagokienez. Izurria gertatu baino urtebete lehenago igarri nuen hori, gutxi gorabehera. Joera aldaketa bat hasi zen orduan, eta ikusi nuen Durangora etorritakoen artean profil bat hasi zela errepikatzen: Nikaraguatik hona etorritako emakumeena. 

Zein arrazoi daude joera aldaketa horren atzean?
Esango nuke arrazoi nagusia herrialdearen egoera dela. Herrialde bakoitzean, migrazio fluxuak baldintzatzen dituzten hainbat kanporatze-faktore metatu daitezke. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke eta posible da pertsona bakar batengan migratzeko hainbat arrazoik bat egitea. Funtsean, bizi baldintzak hobetzeko nahia eta egoera ekonomikoa dira migratzeko arrazoi nagusiak. Baina ez dira bakarrak. Herrialdeko ezegonkortasun politikoa, gatazkak, orientazio sexuala... pertsona batek arrazoi asko izan dezake migratzeko. Gero, harrera herriko erakarpen faktoreak daude. Nortzuk arduratzen dira gure adinekoen eta mendekoak diren pertsonen zaintzaz? Durangoko immigrazioaren ezaugarrietariko bat feminizazioa da. 

Feminizazio hori Nikaraguako kasuari dagokio ala zerbait orokortua da?
Orokortua da. Feminizazioa Latinoamerikatik datozenekin gertatzen da gehienbat. Emakumeak dira handik datozen gehienak. Lan munduan sartzen dira, egoera erregularizatzen dute eta familiako kideren bat —seme-alabaren bat, kasurako— dator azkenik. Afrikako migratzaileen kasuan, ostera, normalean gizonezkoak dira prozesu migratorio hori hasi eta egiten dutenak. Faktore kulturalak egon daitezke kontinentekako feminizazio desberdintasun horiek azaltzeko. 

Herrialdeei eta kulturei dagokienez, zelako aniztasuna dago Durangon?
Hirigune handiak aparte utzita, gutxi izango dira Durangoren pareko herriak biztanle aniztasunari dagokionez. 50 nazionalitate baino gehiago batzen da hemen, eta esango nuke ezaugarri hori Durangoren bereizgarri dela. Herri anitza da, eta feminizatua Latinoamerikatik datozen herritarrei dagokienez.

Badago loturarik jatorri herrialdeen eta enplegu sektoreen artean?
Ez daukagu horri buruzko ikerketarik. Baina esango nizuke Latinoamerikatik datozenek etxeko lanetan jarduten dutela gehienbat, zaintza lanetan. Badira Magreb eskualdetik edo Senegaletik heldutako emakumeak, lan horietan badaudenak. Ostalaritzan ere topatu ditzakezu. Afrikatik etorritakoek enpresetan lan egiten dute gehienbat. Erreleboka, metalgintzaren sektorean eta halakoetan.

Atzerritarrak zelan sentitzen dira gure artean?
Atzerritarren komunitatea hemen abegikor sentitzen dela iruditzen zait. Atzerritarrek eurek halantxik adierazten dute berbaz. Baina, jakina, bada arbuioa edo mespretxua sentitu duenik ere. 

Eta zein iritzi dute durangarrek hona bizitzera etorritakoen gainean?
Orokorrean herri abegikorra dela esango nuke. Immigrazio Sailean, adibidez, hainbat programa dugu hizkuntza, hartu-emanak eta elkar ezagutza bultzatzeko. Euretariko bat hizkuntza bikoteka lantzeko programa da. Berbalagun baten antzeko zerbait, baina bikoteka. Durangar batek hona bizitzera etorritako bati hizkuntzaren ahozkotasuna lantzen laguntzen dio, euskaraz zein gaztelaniaz. Programa hori orain dela hainbat urte ipini genuen martxan Gurutze Gorriagaz batera, eta ordutik hona 400 boluntariok parte hartu dute. Iruditzen zait kopuru esanguratsua dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!