"Etorrera gogorra izan arren eta gerora ere mila istorio izan zuten arren, etortzeagaz bilatzen zutena lortu zutelakoan nago"

Aritz Maldonado 2023ko mar. 24a, 09:30
Eneka Irigoras, Antonio Toledo eta Celsa Rodríguez, jesarrita; Txelu Angoitia eta Maria Alarcón, zutunik.

Txelu Angoitiaren 'Trenak ekarritakoak' estreinatuko dute gaur; protagonistetariko batzuek dokumentalaren nondik norakoak aletu dituzte ANBOTOrentzat.

Celsa Rodríguez hamalau urtegaz heldu zen Galiziatik Durangora; orain 79 ditu. Durangon ez ezik, Bartzelonan, Suitzan eta Donostian ere bizi izan da, baina, batez ere, Iurretan (garai hartan Durango) zabaldu zuen Novedades Celsi dendagaitik [Celsi izenagaz ezagutzen dute] da ezaguna. Dendatik soilik ez, Andaluziako etxetik ere gogoratzen du Maria Alarconek Celsi Rodríguez. María hogeita bi urtegaz heldu zen Durangaldera, ezkondu eta hilabetera; urte bian Abadiñon egon zen bizitzen, Durangon erosi zuen etxea amaitu bitartean. Antonio Toledok ere auzoagaz lotzen du Celsi: "Dendatik gogoratzen dut". "Zure gurasoak itzelak ziren", nabarmendu dio Rodriguezek. Antonioren emazte Eneka Irigoras ere batu da solasaldira. Durangarra sortzez, berak ere parte hartu du dokumentalean. "Hemen, parte hartu duten guztiek egin dute euren ekarpena, bakoitzak bere ikuspuntutik", azpimarratu du Txelu Angoitiak. "Hona ailegatzeko prozesua zelakoa izan zen kontatzen du batek; besteak, zelako bizimodua izan duen. Denek berdinari buruz berba egiten dute, baina bakoitzaren ikuspuntua desberdina da. Collage moduko bat egin dugu, eta migrazioaren fenomenoaren ideia orokor bat eraikitzen ahalegindu gara", azaldu du Angoitiak. Argazkilari durangarrak Trenak ekarritakoak dokumentala ondu du Durangoko Udalaren laguntzagaz, eta gaur estreinatuko dute dokumentala, Plateruenean egingo den ekitaldian.  

Ikus-entzunezko lanean, 50eko eta 70eko hamarkadetako migrazio mugimenduek Durangon izandako eragina erakutsiko da, horretarako bederatzi protagonista batuta. Angoitiak zuzenduriko lanerako Durangoko Arte eta Historia museoan elkarrizketatu zituzten protagonistak, eta orain ere han batu dira. Urduri daude estreinaldirako, izan ere, oraindino ez dute ikusi lanaren emaitza. "Fenomeno honetako protagonistak islatuta ikusten badira, arrakastatsua izango da", aitortu du Angoitiak. 

"Herri bi"
Toledoren senideak, adibidez, 60ko hamarkadan heldu ziren Durangora, garaiko eztanda migratzailearen erdian. "Auzoetan egiten zen bizitza; jendeak auzoko dendetan erosten zuen, eta fidantzan saltzen zen, herritarrak ez zirelako hile amaierara heltzen. Enpresetako prentsen zarata, euria... ere ondo gogoan ditut", esan du Toledok. Enpresetara oinez edo bizikletan zihoazen herrikideak ere gogoratzen dituzte. Hirurek "gris" gogoratzen dute garaiko herria, baina bere alde onagaz ere, jakina. "Gerraosteko Espainia ilun horretatik ihesi etorri ziren nire gurasoak, miseriatik ihesi. Adinak ematen dizun perspektibagaz ikusita, etorrera gogorra izan arren eta gerora ere mila istorio izan zuten arren, bilatzen zutena lortu zutelakoan nago. Ez dakit zelako ekarpena izango den nirea, baina horregaitik berba egin dut dokumentalean", azaldu du Toledok. "Ni oso pozik nago hemen, hiru seme bertan jaio dira eta dokumentalaren ideia ere bikaina iruditu zait", gehitu du Alarconek. "Harategira joan, adibidez, eta kanpotarrak ginela esaten ziguten. Baina herrira bueltatzean ere, kanpotik etortzen ginela esaten ziguten. Ez zen erraza", gogoratu du Celsi Rodriguezek irribarretxo bategaz. Eta zu, nongoa zara? eta halako galdera sinple baten aurrean erantzuna korapilatu izan zaiela aitortu dute. "Baina, herri bi ditugu", jarraitu du irribarretsu Rodriguezek. 

Egungorako lagungarri
Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak idatzi zuen Joseba Sarrionandiak. Horrela iruditzen zaie ere solasaldiko protagonistei. "Orain ere mugimendu migratzailea handia da, jende asko dator hona bizimodu hobe baten bila, eta, aldi berean, jende asko dabil hemendik joaten lan baldintza hobeen bila, besteak beste", gehitu du Eneka Irigorasek; "gerratik edo miseriatik ihes egin behar izan dutenek ere bai". Horrela, itxaropentsu agertzen dira dokumentalak egin dezakeen ekarpenagaz. "Inork ere ez du bere lurra atzean uzten kapritxoagaitik, eta garrantzitsua da heltzen zaren lekuan gustura egotea. Ahal dudan neurrian, beti eskainiko diot laguntza behar duenari", dio Rodriguezek. "Balio dezala egungo egoera ulertzen laguntzeko". "Pertsonak beti gaude mugimenduan, eta horrek ika-mikak eragin ditzake, baina baita gauza politak sortu ere", borobildu du Angoitiak.

Dantza eta musika

Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta bertan musika eta dantza egongo dira, dokumentala ikusteko aukeraz gainera. Elkarlana bultzatu gura izan dute honetarako, gainera. Horrela, Aritz Lasarguren dantzari durangarrak eta Andaluziako Kultur Etxeko La Jara taldeak dantzan egingo dute elkarregaz, Lasargurenek berak ekitaldirako prestatu duen pieza bat; La Jara Cristina Luengok, Elisabeth Luengok eta Andrea Hernandezek osatzen dute. Musikari dagokionez, Xabier Aburruzaga trikitilariak eta Gaspar Rodríguez gitarrista flamenkoak Bidaia ikuskizuna taularatuko dute. Xabier Aierdi soziologian doktoreak ere parte hartuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!