Txelu Angoitiaren 'Trenak ekarritakoak' aurkeztuko dute martxoaren 24ean

Aritz Maldonado 2023ko mar. 13a, 13:03

50.eko eta 70.eko hamarkadetako migrazioetako protagonisten lekukotzak batu dituzte dokumentalean; 40 minutuko lana martxoaren 24an eskainiko dute, Plateruenan egingo den ekitaldian. 

"Migrazio prozesuak gogorrak izaten dira. Lan honetan protagonisten bizitzak, penak, pozak batzen dira; hau ez da lekukotza historiko bat, edo asmoa ez da teorizatzea. Nabarmendu gura duguna da, migrazio prozesuen ostean Durangon kantitatean eta kalitatean hazi dela da; bestelako Durango bat izango litzateke bestela", azaldu du aurkezpenean Angoitiak. Ildo beretik jo dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. "Gaurko Durango ezin da ulertu bere iraganari zein guraso edota aitona amonen historiari erreparatu gabe. Era berean, adierazi nahi dugu Durangoko erkidego ezberdinetako etxeek funtsezko zeregina izan zutela harrera eta integrazio prozesu horretan. Horrela, aitorpen honekin geure buruari buruz eta inguratzen gaituenari buruz hausnartzeko gure ekarpen txikia egin nahi izan dugu", azaldu dute. Prentsaurrekoan dokumentaleko protagonistak eta elkarte desberdinetako kideek parte hartu dute, baita ere. 

Aurkezpen ekitaldia

Gaurko prentsaurrekoan Jon Maia bertsolaria ere egon da, izan ere, bera izango da Plateruenako ekitaldiko aurkezlea. "Horrelako ekitaldiak ez dira sinbolikoak, beharrezkoak dira", azaldu du Maiak. "Zauriz eta aurreiritzi beteriko gaia da, urte askoan tabua izan dena, baina hitz eginez normalizatu egin daiteke". Trenak ekarritakoak ekitaldian, besteak beste, Xabier Aburruzaga trikitilariak, Gaspar Rodriguez flamenko gitarristak eta Andaluziako Kultur Etxeko La Jara taldeak parte hartuko dute emanaldian; Aritz Lasarguren dantzari durangarrak propio sortu duen koreografia bat dantzatuko du, baita ere. Soziologian doktorea den eta migrazioen ikerketan erreferentea den Xabier Aierdik parte hartuko du, baita ere. 

19:00etan hasiko da ekitaldia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!