Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak Martxoaren 31ko oroimen ekitaldien programa aurkeztu dute eguerdi honetan. Ekitaldi nagusian, Martxoaren 31n bertan egingo den lore-eskaintzan, Juan Uribe omenduko dute, hain zuzen ere, duela 86 urte izandako bonbardaketen lekukoa. Lore eskaintza, urtero-urtero legez, Andra Mariko elizpean egingo dute, arratsaldeko 19:30etan.
Aurtengo programazioak, baina, berrikuntza gehiago ere baditu. Batetik, Oroimen Gunearen inaugurazioa dago. Jesus Rodríguez Jauregi artistak eskultura bat ipiniko du Durangoko hilerrian, bonbardaketa eta gero hobi komunetan lurperatu zituztenen oroigarri gisa. Bestetik, transmisioaren gaia dago. Herriko belaunaldi berriei gertaturikoa azaldu eta memorian iraunarazteko ekintza-sorta. Gerediaga elkarteak Aztarnak ibilbide gidatua landuko du herriko ikastetxeetako ikasleekin. Goiatz Pelaezek aurreratu du ekintza horretan Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek parte hartuko dutela. Sei ikastetxeetako 450 bat ikaslek, gutxi gorabehera. Horrez gainera, Unai Iturriaga eta Alex Sanvi komikigileek Udaberririk ankerrena komikia landuko dute DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleekin. Saioak Plateruenean egingo dituzte. Suargi elkarteak, bere partetik, Kobane eta Durango, bi herri, bi bonbardaketa hausnarketa saioak egingo ditu ikastetxeetan.
Udal agintariek "memoria historikoa lantzen eta aldarrikatzen" jarraituko dutela adierazi dute prentsaurrean.
Martxoaren 31ko bonbardaketak - Egitaraua
Martxoaren 20tik 30era
- 'Udaberririk ankerrena' komikiaren aurkezpena eta lanketa, DBHko 3. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleekin. Lanketa eta aurkezpena Unai Iturriagak eta Alex Sanvik egingo dute.
Martxoaren 27a, astelehena
- 19:00 Film laburren proiekzioa Elkartegian. Siria iparraldeko hainbat hiritan herritarrek jasandako bonbardaketen kronikak. (Antolatzailea: Suargi elkartea).
Martxoaren 27tik 31ra
- Aztarnak ibilbidea. Bisita gidatuak Durangoko ikasleekin. (Antolatzailea: Gerediaga).
Martxoaren 27tik apirilaren 2ra
- Argazki erakusketa bonbardaketek kalteturiko guneetan. Martxoak 31: Durango, atzo eta gaur.
Martxoaren 30a, eguena
- 18:00 Durangoko bonbardaketen ondorioz hobi komunetan lurperatutakoak gogoratzeko eta omentzeko oroigarriaren inaugurazioa. Lekua: Durangoko hilerria.
Martxoaren 31, barikua
- 08:30 Lehenengo aire-erasoa gogoratzeko alarma-hotsa Andra Mariko kanpandorrean.
- 08:30 Biktimen omenezko sua isiotuko dute Andra Mariko elizpean.
- 17:45 Bigarren aire-erasoa gogoratzeko alarma hotsa Andra Mariko kanpandorrean.
- 19:30 Bonbardaketan hildakoak gogoratzeko oroimen ekitaldia eta lore eskaintza. (Antolatzailea: Gerediaga elkartea eta Kriskitin Dantza Taldea). Lekua: Andra Mariko elizpea.
- Lehen Hezkuntzako ikasleek Bonbardaketaren aztarnak bideoa ikusi eta tailer parte-hartzailea egingo dute Andra Mariko elizpean.
Apirilaren 1a, zapatua
- Aztarnak ibilbide gidatuak, estereoskopioekin. 10:30etan (erdaraz) eta 12:30etan (euskaraz). Bisita gidatuaren abiapuntua: Kurutzesantu. Ibilbidean parte hartzeko izena eman behar da 946818066 telefonoan edo gerediaga@gerediaga.eus helbidean.